Seihileko berria… aukera berriak

Otsaila hasi dugu, atzean utzi ditugu estresa, nekea, lo falta, urduritasuna, azterketak… eta beste seihileko bati ekingo diogu: beste irakasgai batzuk, beste irakasle batzuk, agian ikaskide berriak, aukera berriak…

Urtea aldatzean ohitura izaten da itxitako etapa horrek ekarri digunari buruz hausnartzea eta, ia konturatu gabe, urte berrirako asmo onetan pentsatzen hastea: “kirol gehiago egingo dut, sarriago geratuko naiz lagunekin, bidaia gehiago egingo ditut, beste hizkuntza bat ikasten hasiko naiz, erretzeari utziko diot…”.

Seihilekoa aldatzean ere garrantzitsua da aurreko hilabeteetan lortu dugunaren balantzea egitea. Zer moduz joan zaizu? Bete dituzu helburuak? Nolako emaitzak izan dituzu? Zer espero duzu seihileko berrirako? Zer helburu jarri dizkiozu zeure buruari? Zer hobetu nahi duzu?

Orientazio Zerbitzutik aholku eta ideia lagungarri batzuk eman nahi dizkizugu, etapa hau ondo hasteko.

1. Aztertu zein diren zure indarguneak eta hobetu beharreko arloak. Lehen seihilekoan asko ikasi duzu, bai irakasgaien edukiei dagokienez, bai lan egiteko moduei dagokienez. Ziur asko denbora horretan zure indargune asko identifikatu dituzu, baina baita hobetu nahiko zenituzkeen alderdiak ere. Hartu denbora apur bat horri buruz pentsatzeko: nola garatu ditzakezu zure indarguneak eta nola hobetu ahuleziak?

2. Ikasi trebetasun berriak. Unibertsitatean hainbat tailer eta jarduera eskaintzen dira, zure bizitza akademikorako eta arlo profesionalerako oso baliagarriak izango zaizkizun trebetasun batzuk hobetzen laguntzeko. Orientazio Zerbitzuan doako tailerrak eskaintzen ditugu hainbat arlo lantzeko: talde-lana, denboraren kudeaketa, estresaren eta antsietatearen maneiua, motibaziorako estrategiak, gizarte-trebetasunak… Hemen kontsulta dezakezu informazioa.

3. Jarri seihileko honetarako helburu argiak. Helburuek gure ekintzak bideratzen dituzte eta aurrera egiteko motibatzen gaituzte. Horregatik, garrantzitsua da helburuak identifikatzea eta haiek lortzeko zer urrats egingo ditugun zehaztea.

4. Planifikatu berriro zure denbora. Lehen seihilekoko esperientzia izanda, ikasteko denboraren plangintza hobetu dezakezu. Berrikusi irakasgaien programa eta antolatu egunak. Hasteko, sartu egutegian egin beharreko guztiak: unibertsitateko eskolak, akademiakoak, kirola, lanak entregatzeko datak, ikasteko denbora…

5. Lehenengo egunetik ikasi. Estu eta larri gabiltzanean hala egingo dugula agintzen diogu geure buruari, baina gero, estualdia igarota, ahaztu egiten zaigu. Egin aldaketak zure errutinetan asmo hori benetan aurrera eramateko. Pentsatzea ez da nahikoa, egin egin behar da. Zehaztu zer pauso eman behar dituzun oraingoan benetan lortzeko.

6. Atera zeuretzako denbora.Dena ez da izango ikastea eta egunero-egunero planifikatutako jarduera berberak egitea. Saia zaitez egunero zerbait berezia egiten, denbora asko behar ez duten baina bizi-poza emango dizuten gauza txikiak: lagunekin apur baten elkartu, jatetxe berri bat probatu, ibilalditxo bat egin naturan, ilunabar ederraz gozatu, argazkiak bildu lagunen albuma osatzeko, kontakizun bat idatzi, lagunekin karaoke-saio bat egin, instrumentu bat jotzen ikasi…

Eta zuk, badakizu zer aldaketa egingo dituzun seihileko honetan?

Add a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.