Antsietatea azterketetan?

Ondoez handia sentitzen duzu azterketa bati edo ebaluatuko zaituzten egoera bati aurre egiteko orduan? Uste duzu ikasitako guztia ahaztuko zaizula, zer esan jakin gabe geratuko zarela eta ez zarela gai izango galderei erantzuteko? Askotan gertatzen bazaizu, seguru asko azterketetan antsietatea sentituko duzu.

Azterketa bati edo edozein ebaluaziori aurre egiten diegunean, normala da nerbioak, estresa edo beldur pixka bat sentitzea, batez ere, azterketa horretan asko badugu jokoan edo gure etorkizuna lortzen dugun emaitzaren araberakoa izan daitekeela uste badugu.

Emozio horiek, ezinegona sortu ahal badigute ere, berez ez dira negatiboak, egoera batez ohartarazten gaituzte eta erantzun bat emateko prestatzen. Estres maila egokia bada, aktibatzen lagunduko digu, bai ikasteko eta bai azterketan errendimendu ona izateko. Baina batzuetan antsietate maila hori handia izaten da edo gainezka egiten digu eta, lagundu beharrean, blokeatu egiten gaitu, kontzentratzea eragozten digu eta, ondorioz, errendimendu eskasa izaten dugu.

Garrantzitsua da jakitea nola eragiten digun gutako bakoitzari azterketen aurreko antsietateak, garaiz hauteman ahal izateko eta aurre egiteko beharrezko tresnak martxan jartzeko.

Zergatik gertatzen da?

Lehenik eta behin, jakin behar dugu azterketen aurreko antsietatea emaitzari buruz dugun aurre-usteak eragiten digula. Gainera, aurre-uste hori negatiboa da, hau da, segurutzat jotzen dugu beldurtzen gaituen hori gertatuko dela: “ez dut jakingo galderei erantzuten”, “zer esan jakin gabe geratuko naiz”, “azterketa oso zaila izango da”, “gutxiegi aterako dut”…

Aurre-uste horretan eragin handia dute gure pentsamenduek (askotan irrazionalek), egoerari modu eraginkorrean aurre egiteko ditugun aukerak sabotatzen baitituzte. Adibidez, behin eta berriz errepikatzen dizkiogu geure buruari honelakoak: “oso gaizki nabil irakasgai honetan”, “ez dut ezer ulertzen, leloa naiz antza”, “gainera test motako azterketa da, eta txarra baino txarragoa naiz horrelako probetan”, “ziur gainditu ezineko azterketa jarriko dutela”… Hau da, zer gertatuko den aurreratzen dugu modu katastrofikoan, eta, gainera, ziurtzat jotzen dugu pentsatzen duguna gertatu egingo dela, eta horrek antsietate handiagoa eragiten digu.

Zer egin dezakegu azterketetan antsietatea kontrolatzeko?

Jarraian, ideia batzuk emango dizkizugu azterketei lasaiago eta segurtasun handiagoz aurre egiten laguntzeko.

Ikasketa prozesuan zehar:

  • Prestatu ondo azterketa.Azterketa egin baino 2 egun lehenago ikasgai osoa ikasteak ez dizu lagunduko nerbioak lasaitzen, alderantziz baino. Gainera, ziurrenik ez duzu emaitza onik lortuko probetan, eta horrek, epe luzera, antsietate handiagoa sorraraziko dizu azterketetan. Hori saihesteko, hasi ikasten denbora nahikoarekin, ipini egun bakoitzerako helburuak, erabili ikasteko teknika egokiak, errepasatu aldian-aldian eta probatu zeure burua azterketan egin beharko dituzun motako galderekin (garatzekoak, testak…). Zenbat eta hobeto jakin gaia, orduan eta seguruago sentituko zara azterketa egiteko orduan.
  • Ikasi antsietatearen lehen sintomei antzematen. Antsietateak hainbat sintoma izan ohi ditu (fisikoak, jokabidekoak eta kognitiboak). Lehen sintomak agertzen direla igartzen duzunean da momentua ondorio negatiboak minimizatzen lagunduko dizuten estrategiak martxan jartzeko. Erlaxazio teknikaren bat praktikatzen has zaitezke, arnasketa abdominal sakona Kontuan izan teknika horiek eraginkorrak izan daitezen, erregulartasunez praktikatu behar dituzula.
  • Identifikatu antsietatea eragiten dizuten pentsamendu negatiboak eta saiatu aldatzen eta errealistagoak eta egokitzapenezkoagoak izaten. Pentsamendu negatibo horiek identifikatzeko gai bagara eta egoera interpretatzeko modua aldatzea lortzen badugu, egoera batzuek sorrarazten dizkiguten antsietate eta estres sentsazioak arintzea lortuko dugu. Hau da, “suspentsoa aterako dut” esan beharrean, beste hau pentsa dezakegu: “gaia oso ondo ikasten badut eta azterketan jarriko dituzten motako galderak praktikatzen baditut, gainditu dezaket”.
  • Zaindu zeure burua. Ohitura osasungarriek errendimendu ona izaten laguntzen digute. Egin ariketa fisikoa erregulartasunez, saia zaitez osasungarri jaten eta egin lo behar adina. Kontuan izan loak jakintzak finkatzeko eta antolatzeko balio duela; beraz, garrantzitsua da egunero 8 orduz lo egitea.
  • Azterketaren aurreko gauean:
    • Errepasatu ikasgaia labur-labur eskemarekin. Ez ikasi eduki berririk.
    • Utzi prest azterketarako behar duzun material guztia eta joan zaitez goiz lotara.
    • Lo egitea kostatzen bazaizu, praktikatu erlaxazioa edo irudikatu zeure burua azterketa ondo egiten.

Azterketa egunean:

  • Iritsi garaiz azterketa izango den lekura. Ahal baduzu, joan oinez edo jaitsi geltoki bat arinago, pixka batean ibili ahal izateko. Lasaitzen lagunduko dizu.
  • Ahal dela, ez egon segurtasunik eza edo antsietatea transmititzen dizun jendearekin. Giroa estres handikoa bada, urrundu zaitez dei bat egitera joango bazina bezala, eta praktikatu arnasketa.
  • Aukeratu ahal baduzu, eseri gelan segurtasun eta lasaitasun handiena emango dizun lekuan.

Azterketan zehar:

  • Azterketa jasotzen duzunean, irakurri jarraibideak lasai eta antolatu denbora, galdera guztiei erantzun ahal izateko.
  • Has zaitez galdera errazenak erantzuten, azterketaren gainerako galderei segurtasun handiagoz aurre egiten lagunduko dizu eta.
  • Uneren batean urduritasunak blokeatzen zaituela nabaritzen baduzu, itxi begiak eta egin erlaxazio teknikaren bat minutu pare batez.
  • Zure ikaskideek lehenago amaitzen dutela ikusten baduzu, ez estutu, eutsi arretari eta jarraitu zeure erritmoan erantzuten.

Eta azterketaren ondoren:

  • Eginda dago eta ez du merezi ustez egin ditugun akatsei bueltaka ibiltzea. Onar itzazu eta ez adorea galdu, ziur zuk uste baino hobeto egin duzula.
  • Hartu atseden labur bat eta deskonektatu hurrengo azterketa prestatzen hasi aurretik. Indarberritu egin behar duzu hurrengorako % 100ean egoteko.

Azterketetako antsietatea gainditzen ikasteko denbora behar da, ez etsi lehenengoan lortzen ez baduzu. Baina ikusten baduzu ez duzula aurrera egiten eta azterketetan duzun antsietateak kalte egiten dizula, eskatu laguntza. Tutorearekin hitz egin dezakezu edo Unibertsitateko Orientazio Zerbitzura jo. Aurre egiteko baliabideak emango dizkizugu.

Add a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.