31 ESKUTIK blogan argitaratutako artikulua (2023/06/12)
Ikasturtez ikasturte, kokatzearren, irakasleak jakin nahi izaten du batxilergotik unibertsitatera iritsi berri zaizkion ikasleek zein ohitura barneratuak dakartzaten lexikografia-gosea asetzeko. Eta, besteak beste, galdetzen die hiztegiak (horrela, zehaztasun-xehetasunik eman gabe) zertarako erabiltzen dituzten, zein hiztegi eta zertarako.
Hitz baten esanahia jakin nahi dutenean hizkuntza arteko hiztegi(eta)ra jotzen dutela erantzun diote ikasle gehienek; euskara-gaztelania (eta gaztelania-euskara) hiztegi(eta)ra. Ikasturtetik ikasturtera, ikasleen artean (bakarrik?) gero eta zabalduagoa bide dagoen Gooog… translatera jotzea hemen xuxurlatu besterik ez egiteko eskatu du irakasleak eta ozenago esateko ikasleei erantzuna gehixeago osatzeko berriz galdetzen dienean, Elhuyar eta Labayru (Bilbo inguruko ikasleek) aipatzen dituztela, beste batzuen artean. Sinonimoen hiztegiek ere izaten omen dute lekua erantzunetan, Adorez, Uzei… Hiztegi entziklopedikoak ere, gutxixeago, ahotan hartzen omen dituzte. Hitza nola idatzi behar den jakiteko ere jotzen omen dute hiztegira, Euskaltzaindiaren hiztegira. Alegia… hitzen esanahien berri jakiteko (erabilera arrunteko) hiztegi elebakarretara gutxitan jotzen omen dute ikasleek. Eta hortxe hasten da…
… irakaslea azaltzen hiztegi guztiak ez direla gisa berekoak. Eta gomendatzen die beste hamaika egoeratan bezala, pentsatu beharko luketela non bilatu informazioa, behar dutenaren arabera; gainera, galdera ongi bideratuz gero, hiztegi mota egokienean galdetuz gero, erantzun zuzenagoa, argiagoa, hornituagoa jasoko luketela.
Badirela «hizkuntza arteko hiztegiak», hitz batek beste hizkuntza batean d(it)uen ordezkoa(k) ematen d(it)u(z)tenak, baina konturatu behar dutela hitzaren esanahia argitzeko, bigarren hizkuntza horren ezaupidea behar dutela, eta, nolanahi dela ere, hiztegiok ez dutela azalpen-definiziorik berariaz ematen. Sinonimoen hiztegiak adi irakurri eta interpretatu behar direla ere esaten die, ez dela komeni sinonimo itxurako guztiak zeinahi testuingurutan erabiltzea. Ez dela komeni, adibidez, zeinahi komunikazio-egoeratan eta edonorekin kaixo, agur, epa, hepa, eup, aupa hi (azken hau guk etsipenez hemen sartua[1]) agur-hitzak erabiltzen hastea elkarrizketa bat, agurtzen ari den beste pertsona horrekin duen (edo ez duen) harreman mota batere kontuan izan gabe, hasiera horrek baldintzatzen baitu ondoren datorrena. Hitz guztien argibideak ezin dituztela hiztegi bakar eta berean topatu ere esaten die; nekez bila dezaketela Machu Picchu non dagoen, kontsultatzen ari diren hiztegiek informazio “entziklopedikorik” eskaintzen ez badute. Ezta “arnas sindrome akutu larriaren koronabirus 2” zer den ere, hiztegi terminologikoa ez bada…
Eta esaten die Euskaltzaindiaren hiztegia euskara estandar zaindu eta idatziaren hiztegi normatiboa dela, bai, baina hitzak nola idatzi behar diren ez ezik, zer esan nahi duten ere jasotzen duela. Ez diela hiztegi horrek Machu Picchu non dagoen argituko; bestelako informazioa ematen diela. Eta, gainera, zuzenean adieraziari eta zuzenean esan gabeari eta adibideei eta oharrei ere erreparatu behar dietela, hiztegi(et)an dagoen (eta ez dagoen) guztia iradokitzailea (arau-emailea?) baita. Ikusiko dutela, esate baterako, nagusi hiztegi-sarrerako adibideei ongi, xehe erreparatzen badiete, euskara batua oso garrantzitsua bada ere (Euskaltzaindiarentzat, pentsa!), letra xehez idatzi dutela euskaltzainek adibideetan, eta, hortaz, horrelaxe idatzi beharko luketela ikasleek ere beren lan akademikoetan, adibide honek garbi erakusten duen bezala: «Euskaltzaindiaren egiteko nagusia euskararen batasuna da». Oharrei begiratzea ere garrantzitsua dela esan die, euskara estandar idatzi zainduan zer ez den idatzi behar ere jakin behar dutela. Adibidez, biztanlego hitza ez dutela zertan erabili (ez dutela erabili behar?), Euskaltzaindiaren hiztegiak esanahirik alboratu ez eta ohar hau besterik ez baitio alboratu:
[Oharra: Euskaltzaindiak, biztanlego-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. biztanleria]. |
Hitz gutxitan esateko, hiztegigileek berariaz adierazten dutena, adierazten ez dutena, eta zeharka, lerro artean (Cassany, 2006) iradokia ulertzen ikasteko aholkatuko die irakasleak ikasleei.
Eta irakasleak azalduko die ikasleek aipatu ez duten, eta Goog…-ek ere emango ez dien informazio beste era batekoa ere eskura dezaketela beste hiztegi batean, batxilergoan horren aditzea izan ez duten Orotariko Euskal Hiztegian. Topatuko dituztela gazteek ezagutzen ez dituzten hitzak (eta esamoldeak); entzun-irakurrita ulertu bai, baina erabiltzen ez dituztenak; beste hiztegi batzuetan topatzen ez dituztenak; eta baita ulertu eta erabiltzen duten makina bat ere, beti ere hiztegigileek hiztegia egiteko hautatuko iturrietan badago dena dela hitza. Gerta daitekeela, alegia, hitzen, esaeraren bat ahoz bakarrik erabilia izateagatik, inork idatzi ez duelako, edo idatzi bazuten ere, OEHren iturri izateko hautatu ez zutelako, hiztegi horretan jasoa ez egotea. Eta egoera aprobetxatzen du irakasleak bidenabar esateko hitzei izaera ez dietela argitaratutako “hiztegiek” bakarrik aitortzen. Eta, gaira itzulita, gainera, (arrunt pozik) esaten die OEH Interneten kontsultagai dagoenez geroztik, euskal hitzen erdal itzulpenak ez ezik, zeharka ere galde dakiokeela hiztegiari (“definizioak” delako zulotxoan klikatuta), eta erdal hitzen euskal itzulpenak ere bila ditzaketela. Konparazio baterako, euskal itzultzaileen Itzul posta zerrendan lehengo batean norbaitek euskaraz behar zuen “de paso”-ren itzulpena bila dezaketela eta, demagun, igaroan hautatu, komeni bazaie, itzulpenerako.
Eta irakasleak esan ere egingo die hiztegiak paperean eta/edo Interneten plazaratzen dituzten lexikografoek bezala, denok dugula geure burmuinean hiztegia, eta pertsona batzuek, hiztun komunitatean itzala duten adituek, antolatzen eta plazaratzen dituztela hiztegiak, horretarako, beste inoren testuak (ahozkoak eta batik bat idatziak) hustu eta lexikografiaren sistemaren araberako hiztegi itxura emanez edo, mukuru nahiz aldizka, arrazoi batengatik nahiz besterengatik, hiztegigileek hitzak asmatuz.
Eta esango die, adibide moduan, Orotariko Euskal Hiztegiak orgasmo hitzaren arrastorik ez duela, hiztegia egiteko erabilitako corpusean horren lekuko idatzirik izango ez zen eta. Eta beste euskal hiztegi bateko orgasmo hitzaren sarrerak (adibiderik gabe) honelako azalpena duela: «Sexu-atseginaren bururatze unea, gizonagan hazi isurtzeaz bat gertatzen dena». Eta hor bukatzen dela hitzaren definizio-azalpena. Eta… Eta hori guztia (eta gehiago ere) adierazita ere, ez da irakaslea arras lasai geratu. Ez dauka batere garbi(!) hemendik aurrera ikasleek nora joko duten beren jakin-min lexikografikoak asetzera.
[1] Aukera badugu, hemengo beste sarreraren batean helduko diogu “Aupa, hi” izeneko sindromeari.
Deja una respuesta