Deian argitaratutako artikulua (2024/09/28)
Aspaldi honetan badabil halako korronte ezkorra gure herrian, dena ezbaian jarri eta iraultzeko asmoa erakusten duena, ezerk ez omen duelako funtzionatzen. Esan bide da etorkizunaren giltzarri izan behar duten gazteek ere ilusioa galdu dutela, itota sentitzen direlako, euren galderei inork ez omen dietelako erantzuten. Gainera, gure herria munduan gertatzen ari denaren isla izanik, sarritan entzuten dugu mundua nahiz gizartea gaixorik dagoela.
Ziklo amaiera heldu ote da orduan? Ez dugu ukatuko, ezta baieztatuko ere. Nolanahi ere, behar-beharrezkoa dugu gogo berria. Gogo berria, bere sasoian Lizardik adierazitako euskal pizkundea berriro eragiteko, haren hitzetan asaben lorea bildu eta elkarrekin gure sukaldea goritu eta Aberri bidea egiteko. Gogo berria, Euskadi berriarentzako.
Ez gara isolatuta bizi, mundu osoan gertatzen denak baldintzatzen gaitu. Horrela izan da beti. Hala ere, itsasoa, batzuetan, bare, eta, besteetan, zakar, ageri ohi zaigun bezala, garaiak ere horrelakoak izaten dira. Bada, gure garaia zakar dabil.
Zakar dabil berriro ere, historian hainbestetan gertatu izan den bezala, pertsona erdigunetik kendu eta baztertu delako. Pertsona orori datxekion duintasuna ukatzean gertatzen da hori, duintasun horri zor diogun begirunea galtzen denean.
Ekonomia, ekologia, zientzia, teknologia, politika… behar-beharrezkoak ditugu den-denak, baina pertsona erdigunean jarri ezean zeharo desitxuratzen dira eta gizateria hondamendira eramateko baino ez dute balio.
Pertsona erdigunetik baztertu da mundu osoan, baita gurean ere.
Jainkotu eta ahalguztidun bihurtuta, erabateko askatasunean, inolako mugarik gabe, gizateriak ez ditu errespetatu naturaren arauak eta arriskuan jarri du munduaren etorkizuna, gure izatea. Aurrerapenaren eta garapenaren izenean naturaren baliabideak neurririk gabe ustiatu ditu eta miseriara, heriotzara kondenatu milioika pertsona. Energia sortzeko baliabideak, ura, elikagaiak, aurrerapenerako ezinbestekoak diren lehengaiak…
Arraroa egiten zaigu orduan zapaldutako herrietatik gurera etortzea? Esaterako, norbaitek ba al daki euskal porturen batetik txalupatxoren bat arraunean ateratzen ote den Afrikarantz, bertan doazenek aldean daramatena baino ez daramatela eta etorkizunak zer ekarriko dioten ez dakitela?
Aurrerapen eta garapen hori ahalbidetzeko, hots, mundu honetako gutxi batzuk oparotasunean bizi gaitezen, indarkeria da nagusi, gerra konbentzional eta ez hain konbentzionaletan gauzatzen dena. Aitzakiak aitzakia, zenbatu ezinak dira egunero munduko toki desberdinetan eraildakoak, asko eta asko haurrak gainera. Infernu horretatik ihesi, normala da orduan gurera ere ate joka etortzea ezta? Gogoratu beharko genituzke garai batean guretik ere ihesi joandakoak.
Globalizazioaren ondorioak omen dira horiek.
Behinola entzun nuen globalizazioa gehiegi puzten ari den globoa dela, lehertzeraino puztu ere.
Globalizazio horretan oso-osoan murgilduta, aurrerapen eta garapenak teknokraziaren paradigma ere ekarri digute. Teknologia berriak modu ezegokian, gaizki, erabiltzearen paradigma da hori, pertsonak eta gizarteak desegiteko ahalmena duena.
Teknologiaren morroi bihurtu gara. Konparazio baterako, hodeian gordetako informazio guztiarengan jarri dugu konfiantza osoa, ohartu gabe, akaso, egunen batean zeru oskarbia izan dezakegula. Momentuz, Mari etxean da, baina ai ene Marik sugarretan alde egiten baldin badu…
IKT delakoek izandako aurrerapena dela eta, askotariko sare eta hari korapilatsuek harrapatu gaituzte.
Pantailek eragin dute antsietate handiko belaunaldiaz hitz egitea. Gero eta gehiago dira arazoak dituzten gazteak, eta ez hain gazteak: harremanak izateko, kontzentratzeko, ikasteko, bizitza egiatan den moduan ulertzeko… Halaber, pantaila horietatik sartzen dira askotariko indarkeria-motak. Eta, noski, jakina da, zer ikusi, hura ikasi.
IKT-ek informazio-iturrien iraultza ere ahalbidetu dute, komunikabide konbentzionaletatik haratago, edonork, edonon eta edonoiz edozer zabal dezakeelako, egia izan nahiz gezurra. Modu horretara, desinformazioa eta manipulazioa eragiten da, demokraziaren balioak arriskuan jarriz. Ez da harritzekoa, ezta kasualitatea ere, mundu osoan muturreko ideologiak nagusitzen joatea. Ez da kontu berria, baina halakoak soineko berriz jantzita datozkigu oraingoan, askotan ondo baino hobeto mozorrotuta gainera.
Neoliberalismoak eragindako gaitzez gain, hala nola, indibidualismo, materialismo eta kontsumismoa, orain neofaxismoa, neototalitarismoa eta neomarxismoa ere nor baino nor ditugu. Labur-zurrean esanda, segurua izateari utzi dion munduan bizi gara, non erlatibismoa eta indarkeria areagotzen doazen.
Hain zuzen, testuinguru horretan behar dugu gogo berria. Gogo berria gure barrura begiratu eta nor garen galdetzeko. Egin-eginean ere, ahaztu zaigu barrura begiratzea eta ikustea ea gure barnean bakea nagusitzen den ala ez. Bakean biziko gara ingurua eta ingurukoak maite baditugu, maite, errespetuz hartzen ditugulako, maite, jakin badakigulako guretik irten eta ahaleginak egiten, besteen lekuan jarriz, guztion ona bilatzeko.
Azken buruan, gizartea eta herria dira herritarrak direna. Herritarrok elkarri begiratu behar diogu begietara, begirada garbiz begiratu ere. Izan ere, herritarrik gabe ez dago gizarte eta herririk, kontzeptu hutsak baino ez dira horiek. Hezur, haragi eta sentimendudun pertsonak dira aintzakotzat hartu beharrekoak.
Tamalez, gurean, indarkeria eta erailketak inon ez bezala justifikatu, banalizatu eta zuritu diren heinean, abiapuntua ez da egokiena. Areago, horren ondorioz, indarkeria ohiko tresna bihurtu zaigu gizarteko edozein gatazka konpontzeko, lan-gatazkak izanik horren adibide.
Zein garrantzitsua den hori gainditzea, baina ez edonola, ezpada eragindako min eta kaltea aitortu, horretaz damutu, horren aurrean barkamen zintzoa eskatu eta berriro halakorik gerta ez dadin herri-memorian ondo jasota. Belaunaldi berriek horren berri izan behar dute. Bakoitzak bere ardurak ditu eta bakoitzak bere ardurez erantzun behar du. Beraz, bakoitzari berea.
Gogo berria behar dugu, berebat, posible egiteko pertsona orok, bere gaitasunen arabera, oso-osoan garatzeko eskubidea izatea. Izan ere, pertsonari bermatu behar zaio bizitzako esparru guztietan hazteko aukera, nor izatekoa, duintasunarekin bizitzekoa: eskolan, lanean, elkarte eta erakunde desberdinetan… Izan ere, pertsona askeek egin dezakete soilik gizarte askea.
Jakina, horretarako erakunde publikoak dira baldintza egokiak sortu behar dituztenak, baina nork garatzeko askatasuna izan dezan eta ez dena berehala eginda jasotzeko. Bada, aurkakoak berarekin dakar neurririk gabeko mendekotasuna sortzea, publikotasunaren kontzeptua desitxuratzea eta, azken buruan, ongizatearen bideragarritasuna kolokan jartzea.
Horregatik, behar da halako gogo berria, ekintzaile eta aktibo izateko, pentsamendu kritikoa izateko, nork erabakiak zentzuz eta askatasunez hartzeko.
Baina jabetu beharko ginateke arestian aipatutako «neo» ideologia guzti horiek ez dutela halakorik bermatzen. Modu desberdinetan bada ere, ez dute pertsona bene-benetan sinesten, jendetzaren kontzeptuan desegiten baitute, interes desberdinen mende jarri eta erdigunetik baztertuz.
Horregatik, ezinbestekoa da gure herriak jarraitu beharreko eredua zehaztu eta argi eta garbi, ozen, adieraztea. Izan ere, «neo» ideologia horietako batzuek gehiegi baldintzatu gaituzte. Areago, batzuek horiek ezarri nahi dizkigute, eredutzat hartu baitituzte hainbat herrialde eta sistema, hemen defendatzen den guztiaren aurka doazenak.
Asaben lore hura bildu beharko genuke. Baina horretarako gogo berria behar dugu. Akaso, horrela konturatu gaitezke lore horrek bizitzeko banakako askatasunak eta komunitarismoa behar dituela. Hurrean ere, gure tradizioan, herri-espirituan, aurki ditzakegu behar ditugun balioak, horiek eguneratu eta eredu propioa abian jartzeko, sustrai sakonak izanik adarrak luze zabaltzeko. Horretarako, ordea, sukaldea gorituko duen gogo berria behar dugu. Horrenbestez, berandu baino lehen, esnarazi dezagun gogo berria, Euskadi berriarentzako.
Deja una respuesta