Nola egin aurre suspentsoei

Azterketak egin ditugu eta pixkanaka-pixkanaka lehenengo balorazioak jasotzen ari gara. Dena ondo joan bada, pozik gure ahaleginak saria izan duelako. “Seihilekoan zehar egindako lan gogorrak fruituak eman ditu!”

Hala ere, emaitzek ez dute beti inbertitutako denbora eta ahalegina islatzen, eta suspentsoa edo nota txarra jasotzeak irenste-prozesua behar du, gure autoestimuari eta geroko jardun akademikoari kalterik egin ez diezaion.

Nola kudeatu suspentso bat

Jarraian, gako lagungarri batzuk emango dizkizugu gogoeta egin dezazun eta suspentsoei modu eraginkorragoan aurre egin diezaiezun:

1. Emozioen kudeaketa. Hasieran, tristura, haserrea, frustrazioa eta etsipena sentituko dituzu. Saiatu une horretan erabaki gogorrik ez hartzen, hartu denbora gertatu denari buruz lasai hausnartzeko.

2. Bereizi emaitzak eta pertsona. Batzuetan, suspentsoek eragina izaten dute gure autoestimuan. Ez utzi hori gertatzen. Zu azterketa baten emaitza baino gehiago zara. Pertsonak izaki konplexuak gara, dimentsio asko ditugu, eta batean huts egiteak ez gaitu definitzen.

3. Egin autokritika baina konstruktiboa. Garrantzitsua da modu errealistan aztertzea zertan huts egin dugun edo non dauden gure zailtasunak. Ez duzu behar beste ikasi? Irakasgaia trabestu egin zaizu? Ez zara ondo moldatzen azterketa mota horretan (ahozkoa, testa…)? Ez dizu denborarik eman galdera guztiei erantzuteko?…

4. Erabaki hobekuntza-plan bat. Behin zertan hobetu behar duzun identifikatu ondoren, saia zaitez hori lortzeko urratsak zehazten, adibidez: azterketa hobeto planifikatu, gairako eta azterketa motarako egokiak diren ikasteknikak erabili edukia hobeto barneratzeko, hobeto kontzentratzeko estrategiak ikasi, azterketa-simulazioak egin, azterketan zehar denbora hobeto antolatu…

5. Aprobetxatu aukera. Porroten garrantzia, hain zuzen ere, buelta ematen jakitean eta eskaintzen dizkiguten aukerak aurkitzean datza. Suspentsoak ahultasun bat identifikatzen lagundu badizu, orain haren gainean lan egiteko eta hobetzeko aukera duzu. Ezohiko deialdi bat baduzu, ez etsi, aprobetxatu gaiari buruz duzun ezagutza hobetzeko eta dakizun guztia erakusteko.

Badakizu, behar izanez gero, tutore bat daukazula zalantzak, gogoetak eta kezkak azaltzeko. Unibertsitateko Orientazio Zerbitzura ere jo dezakezu; bertan, hainbat baliabide lagungarri aurkituko dituzu.

Add a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.