Nola motibatu berriro azterketak egin ondoren

Alejandro Amillano

Seihilekoaren lehenengo aste hauetan atzean utzi ditugu azken azterketak, baita haien inguruan sortutako emozio guztiak ere. Berriro ere errutinara itzultzeko garaia dugu. Agian aldaketa batzuk planifikatu ditugu; gairen bat aztertzen denbora gehiago ematea erabaki dugu, gure denbora hobeto antolatzea, edo, besterik gabe, orain arte bezala ahalegintzen jarraitzea. Nolanahi ere, Unibertsitateko egunik gehienak horrelakoak izaten dira, eta batzuetan zaila egiten zaigu motibazioa mantentzea, berdin aurreko seihilekoan emaitza onak lortu baditugu, zein gure helburuak lortu ez baditugu.

Horregatik, zurekin partekatu nahi ditugu ongizatea sortu eta motibazio ona izaten laguntzen diguten hiru bide. Hiru estrategia horietako bakoitza aldaketa edo doikuntza txikiak egitean oinarritzen da, gure ikasle jardueraren alderdi hauetakoren bati dagokionez:

1. Egitekoari lotutako doikuntzak

Agian ondoen ezagutzen dugun arloa gure zeregina antolatzeko era da, egiteko modua eta denbora. Pertsona bakoitzak lanerako erritmo eta modu desberdina du, baina plangintza ona eginez gero aukera izango du, nolanahi ere, ikasteko esperientzia optimizatzeko.

2. Harreman pertsonalei lotutako doikuntzak

Harreman-beharrak, hala nola onartuak izatea, maitasuna adieraztea edo besteengan eragina sortzea, pertsonen motibazioaren eta ongizatearen iturri nagusietako bat dira. Unibertsitateak aukera asko ematen dizkigu beste ikasle batzuekin, irakasleekin eta elkarteko beste kide batzuekin harremanetan egoteko eta pertsonen arteko harreman positiboak garatzeko.

3. Gure lanaren esanahiari lotutako doikuntzak

“Bizitzeko arrazoia duenak beti aurkituko du nola bizi”. Hala zioen Friedrich Nietzschek. Une zailetan, gure ikasketak hasteko zer helburu genuen gogoratzeak lagundu egin diezaguke gure motibazioa indartzen eta funtzionamendu ona berreskuratzen.

Laburbilduz, komeni da kontuan hartzea gure esku daudela lan egiteko moduaren alderdi asko, beste pertsona batzuekin harremanak izateari lotuak edo ikasle gisa egiten dugun lanaren zentzuari lotuak. Egunero hartzen ditugun erabaki txiki horien bidez, gure beharrak asetzeko aukera berriak aurkituko ditugu. Aldi berean, seihilekoan motibazioari eusten lagunduko diguten emozio positiboak sustatuko ditugu.

* Baliabide horiei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Job Crafting-en lanak irakur ditzakezu argitalpen hauetan:

  • Dormann, C., Guthier, C. (2019). Successful and Positive Learning Through Study Crafting: A Self-Control Perspective. In: Zlatkin-Troitschanskaia, O. (eds) Frontiers and Advances in Positive Learning in the Age of InformaTiOn (PLATO). Springer, Cham. https://doi.org/10.1007/978-3-030-26578-6_5
  • Körner, L. S., Mülder, L. M., Bruno, L., Janneck, M., Dettmers, J., & Rigotti, T. (2022). Fostering study crafting to increase engagement and reduce exhaustion among higher education students: A randomized controlled trial of the STUDYCoach online intervention. Applied Psychology: Health and Well-Being, 1– 27. https://doi.org/10.1111/aphw.12410

Autoreari buruz

Alejandro Amillano irakaslea eta ikertzailea da Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultatean, eta Orientazio Zerbitzuarekin lankidetzan aritzen da prestakuntzako jardueretan.

Add a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.