Jendaurrean hitz egitea

Ikasgelan aurkezpen bat egiteak edo beste pertsona batzuen aurrean hitz egiteak nolabaiteko kezka sortzen digu. Askotan, ez dakigulako nola hasi edo nola helarazi gure mezua modu egokian; beste batzuetan, jendaurrean hitz egitean urduri jartzen garelako eta zeresan ezean gelditzeko edo aurkezpenaren zati bat ahazteko beldur garelako.

Jendaurrean hitz egitea ez da zeregin erraza, baina graduan zehar sarri egin beharko dugu. Horrela bakarrik lortuko dugu ahozko komunikazioko trebetasunak hobetzea, jakinik hori dela lanean gehien baloratzen den gaitasunetako bat.

Zer hartu behar dugu kontuan ahozko aurkezpen bat prestatzerakoan?

Aurkezpen baten edukiari buruz pentsatzen hasi aurretik, garrantzitsua da gure diskurtsoa egokitzen lagunduko diguten aurretiazko alderdi batzuk aintzat hartzea.

  • Lehenik eta behin, garrantzitsuena da argi izatea zein den lortu nahi dugun helburua, horretan oinarrituta sortuko baitugu gure diskurtso osoa. Oso helburu desberdinak izan ditzaket, hala nola esperientzia bat kontatzea, proiektu bat justifikatzea, informatzea edo kontzientziatzea. Helburu horietako bakoitzak ñabardura desberdinak ditu, eta kontuan hartu beharko ditugu gure aurkezpena egiteko orduan.
  • Beste alderdi garrantzitsu bat iraupena da, hau da, gure aurkezpena egiteko zenbat denbora dugun. Gaur egun aurkezpen laburrak egiteko joera dugu, beraz, gure hitzaldiak ahalik eta zehatzena izan beharko du eta argi izan beharko dugu zer ideia transmititu nahi ditugun. Hobe da hitz egiteko eman diguten baino denbora tarte laburragora moldatzea gure hitzaldia.
  • Bestalde, gure komunikazioaren estiloa eta entzuleen ezaugarriak izan behar ditugu gogoan. Estilo formalak hizkuntza teknikoagoa eta zainduagoa behar du, baita gorputz-adierazpen mugatuagoa ere. Aurkezpen informalago batek, ordea, entzuleekin elkarreragin handiagoa izateko eta hizkera naturalagoa erabiltzeko aukera emango digu.
  • Garrantzitsua da, halaber, gure aurkezpenaren entzuleen ezaugarriak ezagutzea: noraino ezagutzen duten landuko dugun gaia, zer espero duten, nolako interesak dituzten, eta abar. Horrela, gure hitzaldiaren edukia eta hizkuntza egokitu ahal izango ditugu, eta errazagoa izango zaigu haien arreta geureganatzea.
  • Aurkezpena zein lekutan egingo dugun ere izan behar dugu kontuan. Aurretiaz jakitea aurkezpena eserita ala zutik egingo dugun, diapositibak ikusi ahal izango ditugun ala ez, mugitzeko lekurik izango dugun, entzuleak non egongo diren kokatuta, etab. lagungarria izango zaigu, entseguak egiteko orduan, geure burua aurkezpena egiten irudikatzeko.
  • Aurkezpenaren edukia funtsezkoa da, eta oso ondo prestatu behar da. Ezinbestekoa da hasieran geure burua aurkeztea, gure hitzaldia egoki kokatzea, egitura koherentea ematea eta nola amaituko dugun jakitea.
  • Gorputz-hizkuntzak ere badu protagonismoa gure ahozko aurkezpenetan. Zer esaten dugun eta nola esaten dugun zaindu behar dugu. Jendaurrean hitz egiten dugunean, gure keinuek eta adierazpenek gure diskurtsoa lagundu eta indartu behar dute. Irribarretsu aritzea eta entzuleei begiratzea garrantzi handikoa da, konfiantza eta hurbiltasuna transmititzen ditu eta gure diskurtsoan kontzentratuta egoten laguntzen die.
  • Ahozko aurkezpen baten arrakasta, neurri handi batean, gure hitzaldia entseatzeko erabiltzen dugun denboraren araberakoa izango da. Aurkezpena zenbat eta gehiagotan egin, orduan eta konfiantza handiagoa izango dugu geure buruarengan eta gure hitzaldian, orduan eta erraztasun handiagoa lortuko dugu eta gure azalpenarekin batera doan gorputz-hizkuntza hobetu ahal izango dugu.

Ahozko aurkezpenen egitura

Behin argi daukadanean zein diren nire aurkezpenaren funtsezko ideiak edo edukia eta zer transmititu nahi diedan entzuleei, iritsi da eduki horri hitzaldi-egitura emateko unea.

Gure diskurtsoa egitura edo eskema baten arabera antolatzea lagungarri izango zaigu ideiak ordena logiko batean sakontzen joateko, eta gure aurkezpenari koherentzia eta argumentu-hari bat emateko. Oro har, hitzaldiek edo ahozko aurkezpenek honelako egitura izaten dute:

Aurkezpena

Une garrantzitsua da, entzuleekiko lehen kontaktua baita. Lehenik eta behin, entzuleen aurrean jarri eta agurtu edo ongietorria egingo diegu. Ondoren, hizlari gisa aurkeztuko dugu geure burua, eta aurkezpenaren izenburua edo gai nagusia ere aipatuko dugu.

Sarrera

Aurkezpenean hitzaldiaren gaia aipatu dugun arren, orain informazio hori pixka bat zabalduko dugu. Esan dezakegu lanaren jatorria zein den edo ideia nondik etorri den eta zergatik aukeratu dugun gai hori… Sarreran helburu edo hipotesi nagusiak eta erabili den metodologia ere aurkez daitezke.

Garapena

Hau da gure hitzaldiaren gorputza. Hemen, gure lanaren ideia nagusietan eta bigarren mailakoetan sakondu behar dugu. Alderdi kontzeptual edo teoriko batzuk aipa daitezke, baina atal honetan garrantzitsuena emaitzak nabarmentzea da. Gure lanak emaitza asko izan baditu, garrantzitsuenak aukeratu beharko ditugu. Horrela ez ditugu gure entzuleak informazioz itoko.

Ondorioak

Ondorioak azaltzeko unea funtsezkoa da gure aurkezpenean eta daukagun onena eman behar dugu. Askotan, gure aurkezpenaren denbora gehiena aurreko ataletan ematen dugu eta ondorioak azkar-azkar aipatzen ditugu. Hori akats bat da, behar duten denbora eskaini behar diegu ondorioei.

Ondorioen atalean, ideia nagusiak laburbildu eta puntu garrantzitsuenak azpimarra ditzakegu, gure ondorioak hasieran aipatu ditugun ideia nagusiekin eta gure lanaren/aurkezpenaren motibazioarekin lotuz. Une egokia da, halaber, gure lanaren ekarpena nabarmentzeko. Baliteke gure ikuspegia berria izatea edo landu dugun gaian hobekuntza edo berrikuntza lortu izana.

Itxiera

Funtsezkoa da gure hitzaldiari amaiera ematea. Itxiera entzuleei eskerrak emateko unea da, aurkezpenera etortzeagatik eta arretaz entzuteagatik. Garrantzitsua da, halaber, entzuleei jakinaraztea haien esanetara gaudela dituzten galderei erantzuteko, zalantzak argitzeko edo aipatutako alderdiren bati buruzko informazioa zabaltzeko.

Baliabide digitalak:

Add a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.