Nola prestatu azterketa mota desberdinak III: test motako azterketak
Aurreko sarreretan ikusi dugu nola prestatu gaitezkeen ahozko eta garapen azterketetarako. Gaur ikusiko dugun azterketa motak, hasiera batean sinpleagoa iruditu arren, badu zailtasuna eta askotan trabatu egiten gara. Test motako azterketari buruz ari gara.
Test motako azterketak
Garapen azterketetan, ikasi duguna erreproduzitu dezakegu (baita guztiz ondo ulertzen ez badugu ere), eta daturen bat alde batera uzten badugu edo gogoratzen ez badugu, ez da arazo handia izango. Agian, galderaren puntuazioan hamarren batzuk baino ez ditugu galduko, baina gainditu egingo dugu.
Test motako azterketa batean erantzuna eman egiten digute, baina askotan ematen dizkiguten aukerak oso antzekoak izaten dira, zuzena zein den zalantzan jartzeko modukoak. Gainera, azterketa horiek egiteko dugun denbora oso estua izaten da, eta, beraz, erantzuna oso azkar erabaki beharko dugu. Beraz, test motako azterketetarako, funtsezkoa da gaia ondo ulertzea eta xehetasunak ondo gogoratzea. Hori izan daiteke galdera horren puntua lortzearen edo asmatutakoetatik puntuak kentzearen arteko aldea markatzen duena.
Test motako azterketen barruan hainbat modalitate daude: erantzun okerrak zigor ditzakete edo ez, egia edo gezurra motakoak izan daitezke, erantzun anitzekoak, prozesuak ordenatzekoak. Saiatu azterketari buruz ahal duzun informazio guztia biltzen: nolakoak izango diren galderak, zenbat egongo diren, iraupena. Hobeto prestatu ahal izango zara azterketari aurre egiteko.
Nola presta gaitezke test motako azterketa baterako?
Informazioa berreskuratzeko orduan, bi prozesu desberdin erabiltzen ditugu: gogoratzeko eta ezagutzeko prozesua. Test motako azterketetan gehiago beharko dugu errekonozimendu memoria, oroitzapenekoa baino. Hau da, badugu erantzuna, galdetzen zaigun kontzeptuaren parte diren xehetasunak identifikatu besterik ez dugu egin behar (erantzun zuzena) eta ez direnak baztertu (okerrak).
Ikus ditzagun horrelako azterketak prestatzen lagun diezaguketen aholku batzuk.
- Ikasi era aktiboan. Ez saiatu ikasgai osoa buruz ikasten, hemen gakoa kontzeptuak, definizioak, datu zehatzak ulertzea eta menderatzea da.
- Izan argi kontzeptuak, antzekotasunak eta desberdintasunak. Ikasteko orduan, gerta daiteke kontzeptu batzuek nolabaiteko xehetasunak edo informazioa partekatzea. Zalantza eragiten dizun zerbait ikusten baduzu, kontrastatu informazio hori, egon daitezkeen desberdintasunak identifikatuz. Kasu honetan, teknika ona da taula konparatiboak egitea.
- Egin eskemak, mapa kontzeptualak, taulak... Erabili irakasgaiaren eduki motarako sintesi-teknika egokienak. Teknika horiek informazioa hobeto atxikitzea eta xehetasunak bistaratzea ahalbidetuko digute.
- Asmatu galderak. Ikasten ari zarenean, saia zaitez azterketako balizko galderak antzematen eta erantzun itzazu. Arrazoitu zure erantzuna; horrela, errazagoa egingo zaizu kontzeptuak zeureganatzea eta barneratzea. Bururatzen zaizkizun galdera guztiak biltzen dituen dokumentu bat egin dezakezu, eta azterketa-simulakroak eginez errepasatzeko erabili.
- Egin flashcard-ak ikasi behar dituzun kontzeptuekin. Metodo ona da ikasteko eta errepasatzeko. Idatzi alde batean enuntziatua eta atzealdean erantzuna.
- Errepasatu informazioa ikasgaia barneratu arte.
- Egin simulakroak. Gaia menderatzen duzunean, galde-sorta batekin egin dezakezu proba. Azterketa zaharrak lortzen ere saia zaitezke, eta haiekin praktikatu. Saia zaitez azterketaren antzeko egoera bat birsortzen, denbora kronometratuz.
Azterketa egunean…
- Berrikusi azterketa egiteko jarraibideak. Argibide garrantzitsuenak emango dizkizute: zenbat denbora duzun, erantzun zuzenek zenbat puntu dituzten, hutsengatik penalizaziorik dagoen… Ez fidatu, aldaketak egon baitaitezke aurretik genuen informazioarekin alderatuta.
- Irakurri galderak arretaz, gako hitzak zein diren ikusi eta azpimarratu. Saiatu erantzuna asmatzen aukerak irakurri aurretik.
- Irakurri erantzun aukerak…
- Baten bat gure erantzunarekin bat badator, zuzena izan daiteke. Egiaztatu egin behar da.
- Bat ez badator, galderarekin bat ez datorren xehetasunen bat dutenak ezabatuko ditugu. Horrela, aukerak murriztu egiten ditugu.
- Zuzenak izan daitezkeen antzeko bi erantzun badaude, aukeratu zabalena (betiere 2 aukerak zuzenak direla adierazten duen aukerarik ez badago).
- Zalantzarik baduzu, bilatu pistak enuntziatuan edo gakoren bat ematen dizuten erantzunetan, erantzun zuzena identifikatzeko.
- Erantzun lehenik ziur dituzun galderei, urduritasuna baretzen lagunduko dizu-eta.
- Ez trabatu erantzun ezin dituzun galderetan, utzi amaierarako eta egin aurrera beste galdera errazago batzuekin edo erantzuna argiago dituzunekin. Azkenean itzuliko zara berriro, ondo dakizkizunak ziurtatuta dituzunean.
- Kontuz ibili enuntziatuan honelakoren bat aurkitzen baduzu:
- “beti”, “inoiz ez”, “erabat”, “batere ez”, “oro har” eta antzeko hitzekin.
- Galdera negatiboak, adibidez: Aukera hauetatik, zein ez dago x-rekin lotuta?
- Adi ibili erantzunetan “Aukera guztiak dira zuzenak”, “Aukera bat ere ez da zuzena” edo “c eta d aukerak zuzenak dira” bezalakoekin ere.
- Erantzun okerrengatik penalizaziorik ez badago, asmatzen saia zaitezke, baldin eta…
- ziur bazaude ondo erantzun diezula ikasita dituzun guztiei, eta asmatutakoen batura nahikoa handia bada puntu batzuk kentzera arriskatzeko.
- argi eta garbi okerrak diren hainbat aukera ezabatu badituzu, eta asmatzeko probabilitatea % 50ekoa bada.
- Kasu horietan, kontuan izan:
- Xehetasun batek bereizten dituen bi aukera badaude, litekeena da horietako bat zuzena izatea.
- Hitz orokor eta absolutuak dituzten erantzunak (oro har, batere ez, beti, inoiz ez…) faltsuak izan litezke.
- Errepasatu beti, bai azterketa orrian, bai erantzun orrian. Jarri arreta berezia erantzun orria betetzean; galderaren bat erantzun gabe utzi badugu, oso ohikoa da erantzunak leku desegokian idaztea.
Baliabide digitalak
Infografía: Nola prestatu test motako azterketak
Infografia: Azterketa mota desberdinak nola prestatu