Ikasteko teknikak
Ikastea prozesu konplexua da, ez da soilik eduki bat buruz ikastea. Ikasten hasten garenean, burua lanean jartzen dugu zenbait ekintza gauzatzeko: irakurtzen ari garena interpretatzeko eta ulertzeko, garrantzizko informazioa bilatzeko eta hautatzeko, edukiei buruz hausnartzeko eta gure aurretiko ezagutzarekin erlazionatzeko. Horrela ikasten dugu, informazioa geureganatuta eta barneratuta, ondoren, behar dugunean berreskuratzeko.
Gure ikaskuntza askoz eraginkorragoa izan dadin, 7 urrats jarraitzea proposatzen dizugu, baina ez modu isolatuan teknika independente gisa, prozesu gisa baizik. Horrela, ikasi nahi duzun edukia hobeto ulertu eta zeureganatuko duzu.
..
1. Irakurketa azkarra
Dokumentu berri baten aurrean gaudenean, lehenik eta behin irakurri egin behar dugu, baina azkar, testuaren osagaien berri izan eta lehenengo ideia orokorra lortzen saiatzeko. Irakurketa horrek lagunduko digu irakurtzen ari garen kapituluan edo artikuluan informazioa nola antolatu den ulertzen (eskema), eta ideia nagusiak edo funtsezko puntuak identifikatzen.
Irakurketa azkarra egiteko, skimming teknika erabil dezakegu, hau da, lehen eta azken paragrafoak, izenburuak eta azpitituluak, kontzeptuak eta datak irakurtzea, testuaren egitura eta edukiak zein diren jakiteko. Horrela, testuaren ideia orokorra egingo dugu azkar. Maiz praktikatuz gero, gure irakurketa abiadura hobetu egingo da.
..
2. Ulermenezko irakurketa
Dokumentuaren lehen irakurketa egin ondoren, ezinbestekoa da bigarren irakurketa egitea, oraingoan denbora gehiago emanez testua ulertzeko. Ulermenezko irakurketa egiten hasi aurretik, testua atal edo bloke txikietan banatuko dugu, saio batean ikasteko moduko ataletan; bestela, amaierara iristean, ez dugu jakingo zer ikasi dugun esaten.
Ulermenezko irakurketa patxadatsuagoa da. Oraingoan, paragrafo bakoitza irakurriko dugu, ez automatikoki, baizik eta edukia ardatz hartuta eta agertzen diren ideiak eta kontzeptuak interpretatzen eta ulertzen saiatuz. Ondo ulertzen ez ditugun puntuei erreparatuko diegu, eta erabat argi geratu ez zaizkigun zatiak berriro irakurriko ditugu. Ulertzen ez dugun hitzen bat badago, haren esanahia bilatuko dugu.
Une honetan, oso garrantzitsua da eduki berria aurreko ikasgai edo irakurgaiekin lotzen saiatzea, horrek ikasten ari garenari zentzua aurkitzen lagunduko baitigu. Gainera, irakurketa hau era aktiboan egin beharko dugu, hau da, geure buruari testuak dioenaren gaineko galderak eginez. Adibidez: Zer informazio ematen digu paragrafo honek? Aldez aurretik nuen ideiaren batekin talka egiten du? Zer harreman du ikasi ditudan beste gauza batzuekin? Baliteke irakurketa honetatik abiatuta zalantzak sortzea. Horiek idatzi eta ahalik eta lasterren kontsultatzen saiatuko gara.
..
3. Azpimarratzea
Testua irakurri eta ulertu ondoren, azpimarratu egingo dugu. Ez dugu inoiz azpimarratuko lehen irakurketa egitean; izan ere, ziurrenik, behar bezala ulertu ez dugun edukia nabarmenduko dugu, eta, baliteke hain garrantzitsua ez izatea informazio hori.
Funtsezko ideiak baino ez ditugu azpimarratuko, eta haien arteko erlazioa identifikatzen saiatuko gara. Horrez gain, gako hitzak identifikatuko ditugu, azpimarratutakoa irakurrita, gaiaren inguruko ideiarik funtsezkoenak ezagutzeko. Puntu honetan kontuz ibili beharko dugu, zehaztasun gehiegi azpimarratzeak zaildu egingo baitigu ondorengo sintesi eta errepaso lana.
4. Laburpena
Laburpenaren helburua ikasteko dugun edukia sintetizatzea da; beraz, garrantzitsua da aurreko urratsak eginda izatea, hau da, testua ulertuta eta ideia garrantzitsuenak zeintzuk diren jakinda izatea.
Laburpenean, labur-labur jasoko ditugu testuaren funtsezko ideiak, xehetasunak alde batera utzita. Ideia horiek izango dira gure laburpenaren hezurdura. Kontzeptu horiekin zerrenda bat egin dezakegu, eta informazioa hierarkikoki ordenatu (lehenik orokorrena edo nagusia eta gero zehatzena). Ordenatutako kontzeptu horietatik abiatuta egingo dugu laburpena, eta gure hitzak erabiliz idatziko dugu beti.
5. Eskemak
Eskemek ideiak begi kolpe batean egituratzen eta antolatzen laguntzen digute, ikuspegi orokorra emanez, eta horrek buruz ikasten eta oroitzen laguntzen digu.
Eskema egiteko, aurreko urratsean egin dugun laburpenean oinarrituko gara. Gainerako edukia gogoratzeko funtsezkoak diren hitz edo esaldi laburrak erabiliko ditugu, eta hierarkikoki antolatuko ditugu, aukeratu dugun eskema motaren arabera. Informazioa antolatzeko orduan, mapa mentalek lagunduko digute gehien. Post honen amaieran, «Baliabideak» atalean, mapa mentalei buruzko informazio gehiago duen bideo bat duzue.
6. Buruz ikastea eta gogoratzea
Aurreko urrats guztiek balio izan digute testu bat hobeto lantzeko, baina azterketa bati aurre egin behar badiogu, ezinbestekoa izango da edukiak buruz ikastea. Buruz ikastea da ikasi nahi duguna gure buruan finkatzea eta gordetzea, behar dugunean gogoratu ahal izateko.
Ikasten hasten garenean, informazioa epe laburreko memoriara pasatzen da lehenik, baina hor erraz ahazten da. Gure helburua da informazioa epe luzerako memorian gordetzea, iraunkorra baita eta hori behar baitugu azterketetan edo probetan. Eta nola egiten da hori? Errepikapenaren, asoziazioaren eta logikaren bidez. Hau da, buruz ikasteko orduan, ez dugu edukia errepikatzera mugatu behar; kontzeptuak lotzen eta haien arteko logika bilatzen ere saiatu beharko dugu. Horrela errazagoa izango da ikastea.
7. Errepasoa
Dakigunez, gure oroimenak mugak ditu eta oso azkar ahazten dira gauzak. Horregatik, errepasoa funtsezkoa da, ikasi dugun edukia finkatzen eta barneratzen lagunduko baitigu. Errepasoak maiz eta azkar egin behar dira. Errepasatzeko orduan, garrantzitsua da modu aktiboan egitea, adibidez, edukia ozen azalduz, azterketako galderak imajinatzen eta erantzuten saiatuz, beste pertsona batzuekin errepasatuz, etab.
Dakigunez, gure oroimenak mugak ditu eta oso azkar ahazten dira gauzak. Horregatik, errepasoa funtsezkoa da, ikasi dugun edukia finkatzen eta barneratzen lagunduko baitigu. Errepasoak maiz eta azkar egin behar dira. Errepasatzeko orduan, garrantzitsua da modu aktiboan egitea, adibidez, edukia ozen azalduz, azterketako galderak imajinatzen eta erantzuten saiatuz, beste pertsona batzuekin errepasatuz, etab.
Azkenik, gogoratu emaitza onak lortzeko beharrezkoa dela gure aldetik ekinak eta antolatuak izatea.
Baliabide digitalak: