Gure eguneroko bizitzan denbora kudeatzen lagunduko diguten 9 legeak.

Denbora ondo administratzeko gaitasuna garrantzitsuenetarikotzat jotzen da ikasketetan eta lanean ez ezik, bizitza pertsonalean ere bai. Nahiz eta denborak gaur egun duen balioaz denok jabetu, gutxi dira denbora eraginkortasunez administratzen dutenak.

Denbora kudeatzeko printzipioak eta legeak

Urte askoan, denboraren kudeaketa ikerketa askoren ikergaia izan da, eta lege eta printzipio batzuk jarri izan dira askoz efizienteagoak izateko, gure zereginak egiteko orduan. Lege horiek nola funtzionatzen dugun ulertzen eta gure denboraren plangintza errealistagoa egiten lagundu diezagukete.

Parkinsonen legea

Lan oro luzatzen da lan hori egiteko esleitutako denbora guztia agortu arte”. Lege horren arabera, zenbat eta denbora gehiago izan zeregin bat egiteko, denbora gehiago tardatuko dugu egiten. Hau da, zeregin batek bi ordu hartuko dizkigula kalkulatzen badugu, nahiz eta denbora gutxiagoan egin ahal izan, bi ordu horiek hartuko dizkigu; baina, ordu bat baino esleitzen ez badiogu, seguru asko bi ordutan bezain ondo egin ahal izango dugu denbora horretan. Erronka, beraz, zeregin bakoitzari behar duen denbora esleitzea da, pasatu gabe eta labur geratu gabe.

Murphyren legea

Ezagunenetakoa da. Lege horren arabera, “zerbait gaizki atera badaiteke, gaizki aterako da”. Hori kontuan hartu beharko dugu, eta gure plangintzan denbora apur bat gehiago utzi, legea betetzen bada gauzak konpontzeko tarte bat izateko. Dena ondo badoa, geuretzat izango dugu denbora “libre” hori.

Paretoren printzipioa edo 80-20 araua.

Printzipio horrek esaten duenaren arabera, “gure denboraren %20 eskaintzen diegu benetan produktiboak eta garrantzizkoak diren gauzei, eta gainerako %80a hain produktiboak ez direnei”. Beraz, gai garrantzizkoei dagokien %20 horretan kontzentratu behar dugu lehen-lehenik.

Carlsonen legea

Lege honek dioenez, “eteten den lana ez da eraginkorra izango eta denbora gehiago eskatuko digu jarraian egiten denak baino”. Horregatik, garrantzitsua da ikasteko edo lan bat egiteko orduan etenaldiak saihestea (mugikorra itzali, gelako atea itxi, adierazi ikasten egongo garen denboran ez molestatzeko, etab.).

Hawthorne-ren printzipioa

Printzipio honen arabera, “behatuta, kanpotik gainbegiratuta edo kontrolatuta sentitzen bagara, hobeto lan egiten dugu”.

Eisenhower-en legea

Lege hau honako premisa honetatik abiatzen da: «arreta handiagoa eman behar zaie garrantzizko kontuei presazkoei baino». Zer da presazkoa? Azkar konpondu behar dena. Zer da garrantzizkoa? Guretzat balio handia duena. Normalean presazkoari ematen diogu lehentasuna, eta ez garrantzizkoari. Hori saihesteko, zeregin berri bat dugunean, geure buruari bi galdera egin behar dizkiogu: zertarako? eta noizko? Horrek presa eta garrantzia identifikatzen lagunduko digu. Erabakiak hartzen laguntzen duen metodotzat ere hartzen da; izan ere, metodo hori aplikatzean jarduerak hierarkizatu egin behar ditugu eta zer den garrantzitsua eta zer ez ebatzi, gure helburuen arabera.

Illich-en legea

Honela dio: “pertsona bakoitzak bere errendimendu kurba du eta behin efizientzia-atalasea pasatuta, efizientzia gutxitu edo negatibo bihurtu daiteke”. Adibidez, denbora asko pasatzen badugu atsedenik hartu gabe, gure errendimendua txikiagoa izango da.

Laborit-en printzipioa

Printzipio honen arabera, zer egingo dugun aukeratzerakoan, erabaki asko senez hartzen ditugu; hau da, normalean, gustatzen zaiguna egiten dugu gustatzen ez zaigunaren aurretik; erraza dena zaila denaren aurretik; azkar egiten dena denbora gehiago hartuko digunaren aurretik; presazkoa dena garrantzizkoa denaren aurretik; egiten dakiguna berriaren aurretik; beste batzuek ezartzen digutena guk aukeratutakoaren aurretik.

Hori jakinda, printzipio horri aurre egiten saia gaitezke, gure produktibitatea eta efizientzia areagotzeko. Honela: zeregin handiak edo konplexutasun handikoak zeregin txiki eta sinpleagoetan zatitu; horrela, gure garunak ez ditu konplexutzat hartuko eta lehenago egingo ditugu; gutxien gustatzen zaizkigun zereginak egin lehenengo, produktibitate handieneko unea izaten baita; guretzat zer den garrantzitsua identifikatu, eta hori egin lehendabizi, nahiz eta presazkoagoak diren beste zeregin batzuk egon; erronkatzat hartu egiten ez dakiguna egitea, motibazio handiagoa izateko zeregin berriak egiteko orduan.

Fraisse-ren legea

Legeak dioenez, «pertsona bakoitzak bere erritmoak eta ekoizpen uneak ditu»; beraz, garrantzitsua da gureak zeintzuk diren jakitea, zereginak produktibitate handieneko ordutegian planifikatzeko.

Laburbilduz

Lege eta printzipio horiek ezagututa, gure alde erabil ditzakegu, denbora hobeto kudeatzeko. Adibidez:

  • Parkinsonen legean eta Hawthorne-ren printzipioan oinarrituta, zeregin bakoitza egiteko denbora zehatza ezarri dezakegu, amaitzeko epemugak jarri, eta beste pertsona batzuei zeregina eginda daukagun galdetzeko edo kontrolatzeko eskatu.
  • Eisenhower-en Legea lagungarria izan daiteke zeregin bakoitza gure helburuak eta egiteko epeak aintzat hartuta planifikatzeko, hots, zeregin bakoitzaren garrantzia eta presa kontuan izanda.
  • Murphyren Legea gogoan hartuta, segurtasun denbora bat utziko dugu beti, badaezpada.
  • Paretoren Legearekin saia gaitezke identifikatzen zein diren gure emaitzen % 80 sortzen duen jardueren % 20 hori, eta lehenetsi.
  • Carlson-en eta Illich-en legeak kontuan hartzen baditugu, lotura duten zereginen sekuentziak planifikatu ditzakegu eta zeregin bakoitza etenik gabe burutu, etenek eragiten duten inefizientzia saihesteko.
  • Azkenik, Laboriten Printzipioa, Illich-en Legea eta Fraisse-ren Legea gogoan izanda, gure zereginak planifikatzeko orduan, gure erritmoak, eraginkortasun handieneko uneak, motibazioa, trebetasunak, zereginaren garrantzia, gure ahuleziak eta abar har ditzakegu kontuan.

Garrantzizkoa da, halaber, zerk motibatzen gaituen jakitea eta sariak erabiltzea gure ahuleziei aurre egiteko. Horrela, jakingo dugu zein diren distraitu gaitzaketen eta gure denbora baliotsua galaraz diezaguketen egoerak eta garaiz aurre egin.

Baliabide digitalak:

Infografia: Denbora kudeatzeari buruzko 9 legeak

Add a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.