Gure unibertsitatearen etorkizuna begiratzen dudanean, zazpi erronka atzematen ditut: bikaintasunezko ikerkuntza eta ikas-irakaskuntza, komunikazio pedagogia, besteekiko lankidetza, unibertsitate glokala, unibertsitate elkartearen  eta beste eragile batzuen nahiak asetzea eta bideragarritasun ekonomikoa.

Ikas-irakaskuntzako bikaintasuna bermatzeko, lehenik, unibertsitate elkarteak kalitatezko lana egin behar du. Eskola ematean, aurreko prestakuntza lanetan eta horren inguruko eginkizunetan, adierazleetako kantitatea bermatu behar da eta kalitatea ere bai. Baina, batez ere, kualitatezko elementuak indartu behar. Hau da, gure unibertsitatean, ez dira nahikoak ANECA-k edo UNIBASQ-ek ezartzen dituzten kantitatezko eta kalitatezko irizpideak, pertsonaren garapena lortzeko banakako akonpainamendua ere derrigorrezkoa izan behar da. Pertsona baten ibilbidean beste pertsona baten laguntza behar da, tutore edo coach gisa, bakoitzaren balio, gaitasun eta ezagutzekin errealitateari aurre egiteko.  Baina bikaintasuneko ikas-irakaskuntzak trebakuntza interesgarri eta erabilgarri bat eskaintzea esan nahi du instituzio, enpresa eta gizarte erakundeentzat. Eta horretaz aparte, hiritarrentzako herritartasun-eskola beste mota bateko bikaintasuna da, pertsonen ahalduntzea eta garapena sakonduz.

Bikaintasuneko ikerkuntza ekoizpen zientifikoaren adierazleetan erakusten da, unibertsitate elkartearen goi mailako ekoizpena sortzeko gaitasunarekin erlazionatuta dago. Normala da diziplina pare batean kalitatezko artikuluak edo ikerlanak lortzea, baina diziplinarteko begirada azpimarratzea da baliodunagoa. Bestaldetik, instituzio, enpresa eta gizarte erakundeentzako ezagutza-transferentziak badauka bai bere protagonismoa, unibertsitateko ikertaldeen  emaitzak  haiengana bideratzeko estrategia garatuz. Eta, azkenik, hiritarrentzako ezagutza- zabalkundea da helburua. Antolatzen diren ikastaro, ekimen eta jarduerek pertsonen jakintza zabaltzeko asmoa dute.

Komunikazio-pedagogia sustatzea ere beste erronka bikaina da. Pedagogia kontzeptua sartzean, prozesuen garrantzia azpimarratzen ari gara. Ez da bakarrik iragarkia ordaintzea edo dozena bat berri argitaratzeko lana betetzea hedabideetan. Solaskide bakoitzarekin konplizitate bat lortzea da xedea. Horretarako mintzaide bakoitzak bere denbora merezi du, bai unibertsitate elkartearen kidea bada, bai gizarte eragilea bada. Barne-komunikazioan pentsatu, mintzatu eta egiten duguna konpartitzen dugu. Kanpo-harremanetan izaten garena eta egiten duguna konpartitzen ditugu. Gizartearekin solasaldi bat gordetzeko ohiko mass-mediak edo gizarte-sare berriak erabili behar ditugu.

Luces del CRAI. junio 2014

Besteekiko lankidetza da etorkizuna bermatzeko tresnarik garrantzitsuena. Azaltzen diren oztopoak eta zailtasunak tamaina handikoak dira. Erakunde baten baliabideak eta trebeziak ez dira nahikoa etorriko dena konpontzeko.  Eta erronka gainditzeko, unibertsitatearen barne-barnetik hasi behar da. Diziplinarteko begirada erabili behar da hasiera-hasieratik edozein programa edo proiektutan. Gero, instituzio, enpresa eta gizarte erakundeen arduradunekin hitzarmenak lortzeko eta, batez ere, elkar ekimenak sustatzeko. Ulertzeko beste modu bat da hiritarrak boluntario bihurtzea unibertsitate ekimen batzuk aurrera ateratzeko.

Unibertsitate glokalaren bidean badago eginkizun ikusgarria. Hemengoa eta hangoa izatea ez da erreza gure gizartean. Munduko unibertsitatea, unibertsitate unibertsala izatea, euskal unibertsitatea izateari utzi gabe, ez da eginkizun erreza. Helburua lortzeko, unibertsitate elkartearen kideak gure inguruko errealitatean murgildu behar dira, inkulturazio kontzeptuan sakonduz. Eta mugikortasunaren bidez, perspektiba unibertsala sortu behar dute. Sareak sortu behar dituzte bai hemengo erakundeekin bai munduaren beste muturreko eragileekin. Eta pertsonekin, hemengoekin eta hangoekin, gizarte-sareen bidez, unibertsitateak elkarrizketa sakona izan behar du.

Pertsonen nahiak asetzea edo, bestela esanez, pertsonen nahiak betetzea ere, unibertsitatearen erronken zerrendan ageri da. Eta beti, etxetik hasita, unibertsitate elkartearen kideen poztasuna bermatu behar da. Irakasle, ikertzaile, teknikari eta ikasleen nahiak erantzuteak lehentasuna hartu du azken urte hauetan. Ez dira izan urte lasaiak giro atsegin bat sortarazteko, krisiak eta murrizketek baldintzarik txarretan jarri dituzte lan-harremanak. Baina, nahiz eta horrela izan, unibertsitatearen etorkizunean pertsonek jarraituko dute baliorik balioena izaten. Erakundeetako solaskideak asetzea ere estrategikoa izango da gizarte errekonozimendua zaintzeko eta zabaltzeko. Eta gizartearen iritzi publiko gisa ezagutzen duguna kontuan hartu behar dugu, unibertsitatearen ahaleginak eta errealitateak ezagutarazteko.

Pasarela Arrupe con tunel de luz. junio 2014

Eta azkenik, bideragarritasun ekonomikoa unibertsitatearen erronkarik konplexuena da. Ez bada bermatzen, proposatutako beste apustuek porrot egingo dute. Diru-sarrerak ezinbestezkoak dira: bikaintasuna lortzeko, komunikazio pedagogiaren euskarriak eta behar den denbora ordaintzeko, besteen lankidetzako diruaren zain ez egoteko, glokaltasunaren kostea betetzeko eta pertsonen nahien betetzeko gai izateko. Bideragarritasuneko bidean matrikulak, diru-laguntzak, hitzarmenak,  babesleak, mezenak eta emaitzak aurkitu behar ditugu. Bakoitzak bere estrategia eta etengabeko dinamika eskatuko ditu.

Badaude datozen urteetan erantzun beharreko erronkak. Ez da izango ibilbide erosoa. Ez da izango bidaia erraza. Baina bai, pertsona tematsuentzako abentura.