Lau urte pasatu ondoren edo, ikasle batek gradua bete du.  Momentu horretan, gizarteak ez dio itxaropen handirik ematen. Unibertsitate tituludunen langabezi kopurua ehuneko hamasei da. Azken urteotan, ikasketak amaitu baino lehenago ere, dagoeneko,  ezkortasuna eta etsipena haien buruetan eta adorean sartu dira. Garai larriak dira. Urte asko igaro dituzte ikasten eta etorkizun profesional baten nahia eta gogoa galtzen hasten dira.

Ez dago irtenbiderik? Ez dago aterik  errealitate honetatik ateratzeko?

Ez du merezi lehenengo atea zabaltzea. Ikasketak amaitu ostean, ezer egin barik gelditzean pertsona balioa galtzen hasten da. Kotxe bat bezala, nahiz eta erosi berria izan, balio ekonomikoa galtzen hasten da hurrengo egunean. Nahiz eta kilometrorik ez egin, merkatuan ordaintzen dena gutxitzen hasten da. Horrek ez du esan nahi automobilak garenik. Baina, unibertsitatetik irtetzeko momentuan, gure ezagutzak eta gaitasunak zahartzen hasten dira. Hurrengo urteetan beste batek guk dakiguna gaindituko du eta gure ibilbide profesionala estuago egingo da. Orduan, lehenengo ateak ni-ni  kategorian (ez ikasi, ez lanik egin) sartzen gaitu. Beraz, beste aukera bati  ekin behar diogu.

Bigarren ateak etengabeko prestakuntzako aukera eskaintzen digu. Gradu-ondoko aukera da: masterra eta doktoretza. Baina, ez da aukera bakarra eta ez da izan graduaren jarraian aukeratua izan behar. Gradua bukatzen denean, gradu-ondoko bat bereizteko erabilgarria izan daiteke eta badaude derrigorrezkoak diren tituluak lanbidea garatzeko. Halere, bost urteko lan esperientzia bildu eta gero master bat praktikoagoa izan daiteke ezagutzak eta gaitasunak eguneratzeko. Beste aukera batzuk ere badaude etengabeko prestakuntza bermatzeko. Hizkuntza gaitasunerako ordua da: ezagututako hizkuntzaren bat lantzeko edo beste bat ikasteko. Teknologiaren tresna  berriak  antzemateko ordua izan daiteke. Ezinbesteko gaitasun batzuk lantzeko aukera  ere izan daiteke. Prestakuntzan, ordea, ez dira amaitzen posibilitaterik.

Hirugarren ateak laneko aukera zabaltzen du. Hasiera-hasieratik, gure familia, adiskide eta lagun artean gure curriculuma banatu behar dugu. Instituzionalki eskaintzen dizkiguten ere bideetatik bideratu behar dugu curriculuma. Idatzizko, ahozko eta ikus-entzunezko aurkezpenak ondo prestatu behar ditugu, zintzotasunez eta errealismoz pertsona bera eta profesionaltasuna azaltzeko. Eta seguru aski, pazientzia guztiz, datorrena onartu behar dugu, etorriko diren urteetan errealitatea nahiarekin lotuko delakoan. 

Laugarren atea apur bat ezkutatuta egoten da. Normalean ahazten zaigu aukera modura. Ekintzailea izatea da. Ideia proiektu bihurtzeko aukera da. Proiektua negozio bihurtzeko bidea da. Enpresa sortzeko prozesua konplexua da. Euskal Herrian ekintzaileen ADNa beti aurkitu dugu, baina azken hamarkadetan enpresario kontzeptua ahuldu egin da. Beste izenondo negatibo batzuekin nahastu da eta bere jatorrizko irudia zikindu da. Ekintzaile kontzeptuak enpresario kontzeptuarekin bat egin behar du, gizartearen garapena lortzeko enpresak behar ditugulako eta horretarako enpresario ekintzaileen beharra dugu.

Lau ate hauetatik, lau aukera hautetatik, zeuk, unibertsitate tituludunak, aurkituko duzu irtenbidea! Lehenengo atea alde batera utzita, joan zaitez beste hiru ateen bila! Eta ate bakoitza, bere momentuan, erabilgarri bihurtu ezazu! Hala errealitateak eta nahiak bat egingo dute.