Historikoki, Deustuko Unibertsitatea erreferente izan da gure lurraldearen garapenean. Eta eginkizun honen barruan, goi mailako profesionalen prestakuntzan izan du garrantzia.

Gazteei eman dizkien ezagutza, gaitasun eta balioengatik gertatu da hori, neurri handi batean. Eta ekarpen horien funtsezko elementua “ekintzaile espiritu» izenez ezagutzen duguna izan da.

Azken hamarkada hauetan espiritu horren krisia sufritu dugu. Gazteen artean, ahalmen sortzailea murriztu denik ez dugu uste, baina, euren sormen gaitasuna ekintzailetza bihurtzeko bai.

Ekintzailetza, Deustuko Unibertsitatearen proiektuan, hirugarren funtzioan dago eta beste bi funtzioekin batera, ikas-irakaskuntza eta ikertzuntzarekin. Hirugarren funtzioa social engagement ingelesez izenez ezaguna eta euskaraz gizarte konpromisoa funtzioa da.

Funtzio horren garapenean, pertsonak eta erakundeak aldatzeko gaitasuna lantzeko prozesuen  barnean, ekintzailetzak protagonismo handia hartzen du.

Ekintzailetza pertsonen eta erakundeen ahalmen sortzailearen gauzatzea da. Hasieran ametsa edo ideia izan zena proiektu eta errealitate bihurtzen dira.

Ekin-IT

Prozesu hori sustatzeko, Deustuko Unibertsitateak Deusto Entrepreneurship Centre sortu zuen, ekintzaile espiritua berreskuratzeko, zabaltzeko, sortarazteko, sustatzeko eta garatzeko.

Ekintzaile espirituak ekosistema bat aurkitzeko, zabalkunde-lan txukuna egin da: pertsona eta erakunde ekintzaileen errealitatea arrakastak eta porrotak erakutsita eta praktika onak eta txarrak azalduta.

Deustuko Unibertsitatearen asmoa izan da gazte guztien ikaskuntza prozesuan ekintzailetzarako prestakuntza osatzea, ekintzailetzaren birusarekin kutsatuz. Horretarako INNOVANDIS, INGENIO edo EKIN-IT egitasmoak garatu dira azken urte hauetan. Gazteen ekintzaile-gaitasuna barneratzeko programa luzeak eta laburrak, oinarrizkoak eta sakonak, antolatu dira.

Innovandis

Eta birusa hedatu ostean, ideiak eta proiektuak inkubatu dira. Bi kabi sortu dira, campus bakoitzean, ekintzaileei guneak eta euskarriak eskaintzeko: etengabeko trebakuntza, laguntza eta coachina, negozio eredua diseinatzeko prozesua, laguntza publiko eta pribatuak lortzeko bidea, lege aholkularitza, sarea eta lankidetza,  eta gizarteratzeko eta merkaturatzeko estrategia.

Hortxe daude lau urte hauetako emaitzak: lau mila eta bostehun pertsonak parte hartu du egitasmo eta ekimenetan; hamabi enpresa daude martxan; hogeita bi  enpresa-proiektu daude bi kabietan; eta berrehun pertsona enpresa eta lanpostu berrietan.

Badago lana, bai, badaude eginkizunak ere, baina badago bidea eginda. Eta, pausuz pauso, emaitzak irtetzen ari dira eta irtetzen jarraituko dute. Ekintzaile espiritua indartzeko bidean gaude.