Bilboko Itsasadarreko Txistularien omenezko Plaka, El Perro kaleko biltoki historikoan

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 90 urte bete ditu aurten, eta ospakizun hauetan murgilduta, Elkartearen sorrera sustatu zuen txistulari taldeari omenaldia egingo dio, oroigarritarako plaka jarriz, taldea biltzen zen lekuan; Bilboko El Perro kaleko 2 eta 4 zenbakien artean jarriko da plaka, abenduaren 4an 12:00etan Bilboko Udalaren kolaborazioarekin antolatutako ekitaldian. Egun batzuk lehenago, abenduaren 1ean, Deustuko Unibertsitatean txistuari emango zaio protagonismoa.txakur kalea

Irudia: Eduardo Latorre

Datorren abenduaren 4an, astelehena, oroigarritarako plaka jarriko du Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Bilboko El Perro kaleko 2 eta 4 zenbakien artean, elkartearen sorrera sustatu zuen Bilboko Itsasadarreko Txistulariak omentzeko. Izan ere, leku horretan zegoen El Perro taberna-jatetxean biltzen zen talde hau.

Euskal Gaien Institutuko ikerlari Alex Iribarrek antolatzen lagundu duen ekitaldia, eguerdiko 12:00etan egingo da, eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko zuzendaritzaz gain, bertan hartuko du parte Bilboko Alkatetzak, eta nola ez, Bilboko Udal Txistulari Bandak.

Bestalde, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen 90. urteurrenaren aitzakian, eta abenduaren 3a Euskararen Eguna dela kontuan hartuta, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak txistuaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu abenduaren 1erako. Izan ere, euskal kultura herrikoian, elementu garrantzitsua da txistua, eta era berean, interes ikaragarria duen elementua da, ikuspegi musikologikotik, soziologikotik, etnografikotik edo historikotik begiratuta. Azken batean, txistua aztertzeak ahalbidetzen du ikusten, historian zehar, nolakoak garen, nolakoak garela uste dugun eta nolakoak izan nahi genukeen.

Abenduaren 1eko ekitaldi hauek 12:00etan hasiko dira Deustuko Unibertsitateko Garate aretoan, Sabin Bikandi musikologian doktoreak eta Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak emango duen hitzaldiarekin. Hitzaldian zehar, Bilboko Udal Txistulari Bandak ere hartuko du parte, hainbat adibide musikal eskainiz. Ondoren, 12:30ak aldera emanaldi txiki bat egingo du Klaustroan, luntxak iraun bitartean. Bukatzeko, 13:00ak aldera erromeria txiki bat egingo da.

Ekitaldi guztiak publikoari irekiak izango dira.