Kategoriaren artxiboak: Kolaborazioak

Euskal Gaien Institutua 52. Durangoko Azokan

Amaitu DA 2017ko Durangoko Azoka. Molde guztietako proposamen eta bizipenez betetako 5 egun bizi, koloretsu, zaratatsu, jendetsu eta etenik gabeko… amaitu dira.

Azokaren 52. edizio honek eman dituen guztiak laburbiltzea zailegia litzateke (eta ziurraski goizegi da oraindik), baina Euskal Gaien Institututik bertan parte hartu dugun hiru ekimen azpimarratu nahi genituzke:

Luzia Alberro Goikoetxeak “Bertsolarien ahoz: moderninazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936” liburua aurkeztu du Areto Nagusian. Alberro irakasleak Xenpelar, Bilintx, Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Txirrita eta Jose Mari Lopetegi bertsolariak aztertu ditu, eta aurkeztu berri den lanak bertsolarien lanek Euskal Herriaren historia ezagutzeko iturri historiko gisa duten balioa erakusten digu. Bertsolarien-ahozArgitalpenekin jarraituz Jone Goirigolzarri Garaizar, Xabier Landabidea Urresti eta Ibon Manterola Garatek koordinatutako “Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktika berriak birpentsatzen” liburua argitaratu berri da Udako Euskal Unibertsitatearen eta Euskal Gaien Institutuaren artean, eta baita Azokara eramandako aleak agortu ere. Liburua erosteko aukera dago oraindik Buruxkak atariaren bidez helbide honetan.

euskararen biziberritzea

Amaitzeko, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Hekimen Elkarteak lankidetzan sortutako Behategia Euskal Hedabideen Behatokiaren proiektura batu da UEU, eta sinadura ekitaldian parte hartu du beste erretore eta zuzendariekin batera Jose Maria Guibert DUko erretoreak.

urtekaria 2017
Ezkerretik eskumara Alberto Barandiaran (Hekimen), Iñaki Alegria (UEU), Jose Maria Guibert (DU), Nekane Balluerka (EHU/UPV), Vicente Atxa (MU) eta Libe Mimenza (Behategia)

Ekitaldian Euskal Hedabideen Urtekariaren 2017. urteko zenbakia argitaratu da. Helbide honetan eskuratu daiteke doan.

Abenduko egun hauek eman dutenaren lagin txiki txiki bat baino ez diren arren, pozik gaude ereindako haziez eta jasotako uztaz. Datorren urtean gehiago!

 

 

[Oihaneder Euskararen Etxea] Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen.

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeari begira egindako aurrera pausoak agerikoak diren bezala, euskalgintzan diharduten agenteen artean gero eta orokortuagoa dago fase baten agortzearen kontzientzia. Aurreko fasean, euskararen ezagutza sendotzea eta zabaltzea hartu zen ardatz, ezagutza eta erabileraren artean harreman zuzen eta positiboa zegoela sinetsita, eta euskararen biziberritzea ezagutzak bermatuko zuela pentsatuta. Ikuspegi hori zalantzan dago gaur egun; euskararen ezagutzak gora egin arren, erabilerak ez duelako joera eta neurri berbera jarraitu, ez hedabideetan, ez etxean, ez aisialdian, ez eskolako esparru batzuetan, ezta lan munduan ere. Aldi berean, urteotan, testuinguru soziala bera ere aldatu egin da, garai batean eraginkorrak ziren euskararen biziberritzeari begirako diskurtsoen baliozkotasun eta eraginkortasuna auzitan jarriz.

Eszenatoki horrek interpelatu egiten gaitu: norantz eta nondik egin behar dira euskararen biziberritzearen aldeko ahalegin berriak? Orain arteko marko berberetan funtzionatzen jarraitu dezakegu? Diskurtso berriak behar ditugu? Badaude? Zein praktika izango dira beharrezkoak hemendik aurrera? Eta noski, zein harreman daude eta behar ditugu praktika, diskurtso eta marko zahar-berrien artean?

Ikastaro hau UeuUdako Euskal Unibertsitatearekin eta  Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean antolatu da.

Ikusi hemen UEUren 44. Udako Ikastaroaren aurkezpen bideoa: Ibon Manterola eta Jone Goirigolzarri, Euskararen biziberritzea.

Irakasleak

Helburuak

  • Euskararen biziberritzearen orain arteko ibilbidearen hausnarketa kritikoa egitea esparru eta ikuspegi anitzetatik.
  • Euskararen normalizazioan aurrera egiteko diskurtso eta praktika berriak proposatzea, esparruz esparru.
  • Euskararen biziberritzearen ikuspegi globala lantzea, esparruen arteko sinergiak bilatuz.

Metodologia

Ikastaroak hitzaldiak eta eztabaida-saioak bilduko ditu. Ikastaroari sarrerako hitzaldi batekin emango zaio hasiera. Hitzaldiaren helburua euskararen biziberritze prozesuaren ibilbide kritikoa burutzea izango da, gaur egungo markoa irudikatuz eta ikastaroan zehar landuko diren gaiei sarrera eginez.

Ikastaroari itxiera mahai inguru batekin emango zaio. Azken jarduera horren helburua ikastaroan zehar agertutako ideia interesgarrienak bildueta ikastaro/hausnarketa saio berrietarako galdera berriak planteatzea izango da.

Hitzaldietan zein mahai-inguruan ohiko galdera txandatxoak ere izango dira.

Nori zuzendua

Ikastaroa maila profesional, akademiko zein pertsonalean euskararen biziberritzearekiko interesa duen norbanako, talde zein erakunde guztiei dago zuzendua. Besteak beste, erakunde publiko zein pribatuetako langileei: euskara teknikariak eta plangintza sortzaile eta bideratzaileak, aisialdiko begiraleak, kazetariak, irakasleak, ikerlariak, eta abar.

Egitaraua

2017-01-31

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Eskola.

2017-02-28

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Familia eta aisialdia.

2017-03-28

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Hedabideak.

2017-04-25

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Lana.

2017-05-30

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Itxiera mahai ingurua.

 Matrikulaziorako argibideak

1. IKASTARO OSOAN izena emateko:

  • prezioa: 45,00€
  • Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.eus, (Irati).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

 

2. SAIO BATEN izena emateko:

  • Egitarauan klikatu zuk aukeratutako saioan dagoen ‘matrikulatu‘ aukeran.
  • Hitzaldiaren orrira eramango zaitu. Bertatik egin dezakezu izen ematea.
  • Prezioa: orokorra 14,00€ / ikasle eta langabetuak: 12,60€ / UEUko kideak 10,50€

Oharrak

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozeduran onartzeko eskaera bideratuta. Erantzunaren zain.

Euskararen Biziberritzea eta IKTak Euskal Herrian ikastaroak Euskadi Irratiko Ekosfera saioan

Uda aurretik UEU eta Euskal Gaien Institutuaren artean elkarlanean antolatutako Euskararen Biziberritzea eta IKTak Euskal Herrian ikastaroak izan ditu hizpide Xabier Landabideak 2016ko urria amaierako Ekosfera saioan.

Hemen duzue entzungai:

http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/ekosfera/4343352/4464414/giza-zientzitako-ikerketa-eta-zientziaren-jardunbidea/

[Bideo bilduma] Euskararen Biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen.

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeari begira egindako aurrera pausoak agerikoak diren bezala, euskalgintzan diharduten agenteen artean gero eta orokortuagoa dago fase baten agortzearen kontzientzia.  Urteotan, testuinguru soziala bera ere aldatu egin da, garai batean eraginkorrak ziren euskararen biziberritzeari begirako diskurtsoen baliozkotasun eta eraginkortasuna auzitan jarriz.

Testuinguru horretan Euskararen Biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroak hiru helburu nagusi izan ditu, bi eguneko jardunean landu direnak:

  • Euskararen biziberritzearen orain arteko ibilbidearen hausnarketa kritikoa egitea esparru eta ikuspegi anitzetatik.
  • Euskararen normalizazioan aurrera egiteko diskurtso eta praktika berriak proposatzea, esparruz esparru.
  • Euskararen biziberritzearen ikuspegi globala lantzea, esparruen arteko sinergiak bilatuz.

Ikastaroa Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean  antolatu da, DU eta UEUren arteko hitzarmenari jarraipena emanez IKTak Euskal Herrian ikastaroarekin batera.

Bideo labur honetan Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola ikastaroaren antolatzaileek azaldu dute ikastaroaren berri:

Bestalde hemen argitaratu ditugu ikastaroko hitzaldi eta dinamika ezberdinak:

Jone Goirigolzarri, Ibon Manterola: Ikastaroaren aurkezpena eta nondik norakoak.

Mikel Irizar: Euskararen biziberritzearen ibilbidea: azterketa kritikoa.

Ane Ortega eta Leire Diaz de Gereñu: Euskararen biziberritzea eskolan I.

Josune Zabala. Euskararen biziberritzea eskolan II.

Jone Miren Hernandez, Jaime Altuna, Paula Kasares: Euskararen biziberritzea familian eta aisialdian I.

Kike Amonarriz. Euskararen biziberritzea familian eta aisialdian II.

Patxi Saez: Euskararen biziberritzea lan munduan.

Alberto Barandiaran, Gorka Salces: Euskararen biziberritzea hedabideetan.

Belen Uranga: Itxiera ekitaldia: ikasitakoak laburbildu eta aurrera begirakoak.

[Bideoa] IKTak Euskal Herrian: ikerketa, ezagutza eta ekintzarako @biapuntu berriak

Euskal Gaien Institutua eta Udako Euskal Unibertsitatearen artean Uztailaren 8 eta 9an Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean antolatutako topaketa bideoan jaso dugu.

Lehenenengo egunean Errota Digitala eta Talaios Kooperatibako kideek Komunikazioa, Informazioa eta Teknologiaren inguruko kokapen orokorra eta lanerako tresnak aurkeztu zituzten:

Bigarren egunean .EUS, Gure Esku Dago eta Hekimeneko ordezkariek haien proiektuak aurkeztu zizkiguten topaketen hiru lan lerroen abiapuntu bezala: Ezagutza eta neurketa modu berriak, Demokratizazioa eta parte hartzea gaur eta orain eta Komunitategintza eta gutasunaren teknologiak.

 

Ikastaroari amaiera emateko Bilboko Kafe Antzokian Gau Digitala ospatu genuen, Ttottelka, Bor Bor, jimakker live coding Xperience eta Tttun Ttun Brigade taldeekin. Twitterren #IKTEH traola erabili genuen ikastaroaren jarraipena egiteko (ikus baita storify gisan, eta  NAIZ atarian agertutakoak).

Gau Digitala Errobota

Transmedia Use(r)s Summer School Finlandiako Jyävskyläko Unibertsitatean: Zebrabidean kolaborazioa

Ekaina hasieran Errota Digitala elkartea osatzen duten Xabier Landabidea Euskal Gaien Institutuko ikerlaria , Koldo Diaz University College of London eta EHUko NOR taldeko ikerlaria eta Gorka Salces NOR taldeko ikerlari eta Behategiaren  (Euskal Hedabideen Behatokia) koordinatzailea Jyväskylän egon dira “Transmedia Use(r)s Summer School” ikastaroan parte hartzen. “New audience research for new audiences: Designing a Basque transmedia experience” proposamena aurkeztu dute bertan hiru ikerlariek.

Arrosa Sareko Zebrabidea magazinean elkarrizketatu dute Xabier, eta hemen dago audioa entzungai.

Beheko irudian Gorka salces, Copehnageko Unibertsitateko Lisbeth Klaustrup eta Nottinghameko Unibertsitateko Elizabeth Evans-i euskazko komunikabideen banaketa geografikoa azaltzen.

Transmedia Users

Loak hartu ezinean…

[Alex Uriarte Atxikallende @alex_gepar  Euskal Filologiako ikasleak Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian idatzitako iritzi zutabea.]

euskara

Orain urtebete, gaurko egunez, euskeraren egunari buruz idaztea otu zitzaidan. Gai esplotatua izango da batzuentzat, baliteke. Neure ustez aldiz, bide berriak irekitzen dituen gaia da, deskribapenaren gaia, sentimenena akaso. Mila definizio, konnotazio zein irakurpen har ditzake horren izaera aldagarria eta anitza duen motibo batek. Iaz sentitutako eta transmititzen saiatutako ikumolde haren baitan itxaropena eta ikuspuntu aurrerazale baina kritikoa zen nagusi. Etorkizunari modu aldartetsuan so egiten zion ikuspuntua zen hura inondik inora, beti ere hain neurea sentitzen dudan nostalgia puntutxo horrekin. Baina tira, gazteak garen heinean baikortasuna falta ez dadila, demontre.

Gaurko honetan ere idazteko gogoz nago. Gogoak eta gogoak ote daude, gaur sentitzen dudana ez da-eta orain hamabi hilabete sentitzen nuenaren parekoa. Ez bere osotasunean behintzat. Aitortu beharra dut hau irakurriko duten batzuei –norbaitek irakurtzekotan, hori ez da inoiz arazoa izan- agian ez zaiela letra hauek duten garrasi tonua eta mezua gustatuko.

Zera azpimarratuz –edo hobeto esanda aldarrikatuz, oihu-orro eginez, denon aurrean botaka eginez eta berriro irentsiz- hasi nahiko nuke: Hizkuntza ez da eta ezin da inoiz helmuga edo xedea izan, inolaz ere ez. Hizkuntza, zerbait izatekotan, bidea izan behar da. Norberaren helmuga oro erdiesteko prozesuan ezinbesteko tresna. Ezin da bidearen amaiera izan, bide ilunean barrena argiztatuko digun izarra baizik. Une oro argitan, une oro erabileran. Zenbat aldiz ikusi izan ote dut urtebete honetan, hain neurea sentitzen dudan eta sentitu gura dudan hizkuntza eskoletako ikas-esparru hotzera mugaturik. Klaseetan giltzapeturik, bigarren maila batean utzirik eta ez eguneroko orokortasunean. Baten bati grazia egingo dio honek, idazle frustratu honi friki deitzeraino seguruenik… Baina neure ustetan klasean gotortzen dugun hizkuntza bat hizkuntza bortxatu bat da, komeni zaigunean edo hobeto esanda, derrigortzen zaigunean baino erabiltzen ez duguna. Sentikortasun gabeko hizkuntza izango litzateke hau eta egidazue kasu, euskera zerbait izatekotan sentipenak, magia eta askatasuna da.

Eta eskoletatik kanpora zer entzuten dut, bada? Neure buruari milaka formatutan egin diodan galdera madarikatua. Hori bai, erantzuna beti molde berean jaso dut, eta nola ez hizkuntza berean: gazteleraz. Etxerako zein lan zegoen? Athleticen partidua ikusi al zenuen txo? Atzo bezala maite zaitut laztana. Nola amaitu zen iragan larunbateko jaia? Eso sí, todo esto en castellano. Ez ahaztu goragotxo aipatutakoa, formatu ugari baina erantzunetan hizkuntza bera. Oraindik urrunago joanda, -eta barkatu iezazkidazu irakurle ordu txikitan sortzen zaizkidan umore eskasdun paranoia hauek-  gaur egungo eskola-euskadunei, hots, euskera eskoletan eta modu mugatuan erabiltzen duten horiei zinez ondo etorriko litzaieke hiztegian –dun atzikizkiaren esanahia errepasatzea. Sarritan modurik sinpleenean ikasi ohi dira kontzepturik esanguratsuenak. Izan ere, -dun atzizkidun hitzek zerbait edukitzea edo izatea adierazten dute funtsean. Hortaz, euskaldun hitzak euskera duena, euskera darabilena esan gura du. Horren sinple irakurtzeko eta aldi berean hain aplikagaitz, a ze paradigma.

Iaz ere baliatu nuen –dun atzizkiaren adibidea. Baina hizkuntza bizia den heinean aldakorra ere bada. Iazko adibide nostalgiko eta positibistaren ordez, aurton frustrazioa eta haserrea sentitzen dut. Bizitza eta aldartea bera ere aldakorra da-eta, lagunok. Cambiante en castellano. Agian hau irakurriko duen baten bat klase orduetatik kanpora egongo da eta honela erosoago irakurri eta ulertuko du.

Milaka ideia, hausnarketa eta astokeria datozkit burura loak hartu ezinik nagoen gau honetan. Baina beno, sekretu eta zorakeriaren bat datorren urterako gorde beharko dut, batzuentzako euskeraren eguna egongo da-eta. Hori seguru. Beste batzuontzako, aldiz, egunero da euskeraren eguna, berriz ere euskera ez delako helmuga, bidea baizik. Ez delako eguna, bizia baizik. Esan bezala, nahi beste astokeria ditu esateko sasi-idazle honek. Escritor de pacotilla en castellano, horrela nahiago duenarentzat. Lagunok, egidazue mesede bat eta zuzendu zaitezte egutegira. Berdin dit Iphone 5-ekora, ordenagailukora edota sukaldean amonak jarritakora bazoazte –bai bai, Amabirjina edota Jesukristo irudikaturik dituen horretara-. Adi aztertu eta konturatu zaitezte egun berezi guztiak kausa negatibo baten ondoriozkoak direla: emakumearen eguna, emakume zapalduen babesean; langilearen eguna, bizitza egoera prekarioan pasatzen duten beharginen babesean; ingurugiroaren eguna, planeta kutsatzen eta suntsitzen dugun guztion babesean eta euskeraren eguna, klaseetara eta eremu pribatura mugatuz bortxatzen dugun hizkuntza maite eta sumisoaren babesean. XXI. mendea tximinoaren gizartean, zer egingo diogu ba adiskideok… Tximinoa esan dut gizakia esan nahiean. Barkatu, lapsus linguae.

Gaueko pentsamendu friki mordoa datorkit burmuinera ordu txiki hauetan, auzokoaren txakur potrozorria ere iratzartu dut dagoeneko horrenbeste interferentzia mentalekin. Musika piska bat jarri beharko dut ba loak behingoz erasan nazan. Imanol Larzabalen Nire Euskaltasuna, bere ahots eta letra zuzen baina sakonarekin. Honela dio:

Nire euskaltasuna baso bat da,
eta ez du zuhaitz jenealogikorik.

Nire euskaltasuna dorre bat da,
eta ez du Alostorrerik.

Nire euskaltasuna bide bat da,
eta ez du zaldizkorik.

Nire euskaltasuna lore bat da,
eta ez du aldarerik.

Nire euskaltasuna itsaso bat da,
eta ez du almiranterik.

Nire euskaltasuna liburu bat da,
eta ez du sotanarik.

Nire euskaltasuna mundu bat da,
eta ez du Amerikarik.

Nire euskaltasuna bertso bat da,
eta ez du txapelik.

Nire euskaltasuna pekatu bat da,
eta ez du mea-kulparik.

Ez dut gogoetatxo hau amaitzeko modu hoberik antzematen. Nire euskaltasuna pekatu bat da eta ez du mea-kulparik. Nire hizkuntza ez da bortxatua eta gaizki tratatua izango, ez nire partetik behintzat. Iaz euskeraren erromantikoa nintzen gaurko egunez. Aurton ordea, maite dudanaren, euskeraren militantea naiz. Eta berriro ere, ez dut damurik. Ez dut mea-kulparik. Amaitzeko iazko esaldi bera jarri beharra sentizen dut nahitaez: bota dezagun euskeraren eguna pikutara eta egin dezagun egun oro euskeraren egun. Hori da bide bakarra, hori da hau benetan sentitzen dugunon autua. Gaurkoan osti txarrean noa lotara, bihar ziurrenik atzera nostalgiko, etzi nork jakin… Bien bitartean nik neuk euskaraz.

Gogoan izan  momentu honetanez  gaudela klase orduan. Beraz, gabon pasa lagunok. Edo buenas noches chavales. Hori bakoitzak erabaki dezala, batzuk aspaldi erabaki genuen-eta.

 

Komunikabideak eta kazetariak: errealitatearen begirada anitzak ikusi, interpretatu eta helearazteko moduak

Hamargarren Soziologia eta Zientzia Politikoaren Euskal Kongresuan Komunikazioa eta Kultura lan taldearen baitan “Komunikabideak eta kazetariak: errealitatearen begirada anitzak ikusi, interpretatu eta helearazteko moduak” mahai ingurua burutu zen irailaren 3ko ostegun arratsaldean.

Bertan euskal kazetaritza garaikidearen hiru protagonista esanguratsu elkartu ziren: Pikara Magazineko sortzaile eta partaide den June Fernandez, Zebrabidea irrati magazineko gidari eta arduradun den Nekane Zinkunegi eta Zuzeu Orainkari Horizontaleko editorea den Anartz Bilbao.

Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile eta Euskal Gaien Institutuko kolaboratzaile den Jone Goirigolzarri Garaizar izan zen moderatzaile lanetan, eta ondorengo hiru galderen inguruan egituratu zuen saioa:

  1. Zein aukera erreal duzue kazetariok ikusi eta bizi duzuen errealitatea gizarteratzeko? (Badago tarterik errealitatearen ikuspegi “ofizialaz” harago bestelako ikuspegiak ere helarazteko?)
  2. Zein neurritan barneratzen dituzte komunikabideek gizarte aldaketak, ikuspegi berrizaleak, etab.?
  3. Gaur egun herritarrek informazioa lortzeko iturri anitz dituzte, aniztasun horrek nolako aukerak eta mugak dakartza?

Bertaratu ezin izan zenutenontzat zein bertan egon zinetenontzat hemen duzue saio osoa bideoan:

 

Hizkuntza gutxituetako hiztun berriak: hiztun aktibo bihurtzeko gakoak | Nuevos hablantes de lenguas minorizadas: claves para su transformación en hablantes activos

Maiatzaren 11n, astelehena, eguerdiko 12:30etan “Hizkuntza gutxituetako hiztun berriak: hiztun aktibo bihurtzeko gakoak” mahai-ingurua izango dugu Deustuko Unibertsitateko Garate Aretoan (Bilboko campusa).

Mahai-ingurua Deustuko Euskal Gaien Institutuak eta Euskaldun berrien ikerketa taldeak antolatu dute elkarlanean.Mahai-inguruan hizkuntza gutxiagotuen normalizazioari begira talde estrategiko diren hiztun berriak izango dira mintzagai; zehazki, irlandera, galego eta euskara hiztun berriak hiztun aktibo bihurtzeko gako garrantzitsuenen inguruan jardungo da.

Horretarako, Bernadette O’Rourke (Heriot-Watt Universitity), John Walsh (University of Ireland), Estibaliz Amorrortu (Deustuko Unibertsitatea), Ane Ortega (Andra Mari Irakasle Eskola) eta Jone Goirigolzarri (Deustuko Unibertsitatea) ikerlarien parte-hartzea izango dugu.

Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Sarrera doakoa da.

 

 

El lunes 11 de mayo a las 12:30h. en la Sala Garate de la Universidad de Deusto (campus de Bilbao), tendrá lugar la mesa redonda “Nuevos hablantes de lenguas minorizadas: claves para su transformación en hablantes activos”, organizada por el Instituto de Estudios Vascos de Deusto, en colaboración con el grupo de investigación Euskaldun berriak de la misma Universidad.

La mesa redonda versará sobre los nuevos hablantes de lenguas minorizadas, un grupo estratégico de cara a la normalización de dichas lenguas. En concreto, se expondrán algunas de las claves más importantes para el desarrollo de hablantes nativos mediante el estudio de caso del irlandés, el gallego y el euskara.

Para ello contaremos con la participación de Bernadette O’Rourke (Heriot-Watt Universitity), John Walsh (University of Ireland), Estibaliz Amorrortu (Deustuko Unibertsitatea), Ane Ortega (Andra Mari Irakasle Eskola) y Jone Goirigolzarri (Deustuko Unibertsitatea).

La mesa redonda será en castellano.

La entrada es gratuita.

 

Kartel elebiduna