Etiketaren artxiboa: Garabide

Hizkuntza gutxituak etxean: zer dugu elkarrengandik ikasteko?

Garabide elkarteko lagunei esker hizkuntza gutxituen arteko lankidetza eta ikasketa prozesuei buruzko mahai ingurua izan dugu gaur goizean Baliabide Digitalen Hizkuntza Aplikazioak ikasgaiko ikasleekin.

Garabide elkarteko Txema Abarrategi Garaigordobilek egin du mintegiaren kokapen orokorra eta hizkuntza komunitateek hizkuntza ekologiaren ikuspegitik dituzten erresistentzia eta erresilientzia mekanismoak ezagutzeak elkarrengandik ikasteko aurkezten dizkigun aukerak azpimarratu dizkigu.

Ondoren Suna Altunek hartu du hitzaeta kurduerak estatu ezberdinetan dituen egoera ezberdinak izan ditu mintzagai, euskararen biziberritze prozesutik berreskuratu daitezken eredu eta arrakastak aipatu dituelarik.

Azken hitzartzea kaqchikel hizkuntzaren kasua aurkeztu digun Miguel Oxlajena izan da. Miguelek euskal hiztun askorentzat ezagunak diren errealitate komunak aipatu ditu: hizkuntza eremu rural eta pobreziarekin lotuta egotea, transmisioaren etena, debeku formalik ez dagoenenean ere praktikak duen eragina…

Luze joko luke saio osoa laburtzeak, baina bereziki interesgarria izan da ikasleen galdera eta ardurak hizlarien esperientzia eta perspektibatik erantzunda ikusi ahal izatea, eta errealiate geografiko eta kultural arras ezberdinek hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuen perspektibatik dituzten helduleku komunei erreparatu ahal izana.

Gauza asko gelditu dira elkarrekin solasteko, baina hari mutur garrantzitsuak utzi dizkigute Kurdistan eta Kaqchikel herriko lagunek gure buruari buruz eta besteekin ditugun harremanei buruz hausnartu eta jarduteko.

Mila esker berriro ere Garabide elkarteari gaurko topaketa hau posible egin izanagatik, eta hurrengora arte!