Oiartzualdeko industria ondarearen aurkezpena

Oiartzualdeko industria ondarearen erakusketaren aurkezpena egin dugu Errenterian, 2021eko urriaren 18an.

Erakusketaren berri jaso dute Habla Radio irrati donostiarrean. Bertan Elixabete Perez Gazteluk proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Blog honetan aurkezpen saioan Elixabetek esandako hitzak jaso nahi izan ditugu, oroigarri eta lekuko gisa.

Esmalteria Guipuzcoana, Errenteria. 1993. Deiker Fondoa. Santi Yaniz.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Errenteriako Udalari, Ondarearen jardunaldiotan Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutua parte hartzera gonbidatzeagatik. Bizkaiko Foru Aldundiari, digitalizatzeko emandako diru-laguntzagatik. Aurkezpenera eta erakusketara hurbildu zareteno eta eskerrik asko Santi Yanizi guregana etortzeko egindako ahaleginarengatik. Inor ez bera baino egokiagorik argazki hauen gainean hitz egiteko, Santik egin baitzituen orain dela 35-40 bat urte eta Santi ari baita 5.000 diapositiba haiek digitalizatzen.

Oiartzualdeko industria ondarearen erakusketa hau proiektu zabalago baten lagina da. Hona ekarri gaitu benetan sinisteak digitalizazioaren bitartez ondarea, kasu honetan, industria ondarea, gizartera daitekeela, guztien, nahi duenaren, eskura jar daitekeela. Unibertsitatea ezaupidea sortzeko lekua da, edo izan beharko luke, baina sortzen duen guztia berarentzat bakarrik gordeko balu, mesede eskasa egingo lioke babesten eta bultzatzen duen gizarteari.

Aurkezten ari garen lan hau ez da Euskal Gaien Institutua ildo berean garatzen ari den lan bakarra; Ondare bizia izenekoaren web-a ere hor dago, diasporara halabeharrez joandako euskaldunen bideoez egina.

Baina orain etxeko irudiak ditugu, Errenteriako, Oiartzungo, Pasaiakoak, hemen gauden guztiok edo askok ezagutu ditugun tren, trenbide, fabrika, errota eta abarren irudiak. Eta, esatea badago, oso pozgarria gertatzen zaigu, zubi lanean ikusten baitut nire burua, unibertsitatearen eta nire bizilekuaren artean, eta, bestetik, industria delako gaia. Manchester txikiari atxikitzeko beste piezatxo bat izan daiteke erakustera goazena.

Argazki hauek orain dela 40 bat urte egin zituen Santik, Deustuko Unibertsitateko ikertzaile talde batekin. Hiru liburu argitaratu zituzten ikertzaileek material hau oinarri hartuta. Gaur egun PDF formatuan kontsulta daitezke hirurok, Eusko Jaurlaritzaren webean.

Diapositibak “lotan” egon dira Euskal Gaien Institutuan pentsatu dugun arte pena zela 5.000 diapositiba horiek zoko batean eta, seguruenik hondatzen egotea. Erabaki genuen lan horri ekitea eta Bizkaiko Diputazioaren dirulaguntza estimagarriari esker, hiru urratsetan digitalizatu ditugu diapositiba guztiak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak eta Arabakoak.

Digitalizatzea, lehen esan bezala, ez da proiektuaren helburua, bitartekoa baizik. Gizarteari itzuli nahi diogu bere ondarea, goza dezan, iker dezan, memoria freska dezan, gazteei erakuts diezaion… Eta Errenteria-Manchester txikia jo dugu begiz estreina egiteko; hauxe da lehen erakusketa. Eta espero dugu azkena ez izatea.

Elixabete Perez Gaztelu, Euskal Gaien Institutuko zuzendariaren hitz-hartzetik moldatutako testua.