Kategoriaren artxiboak: UEU

Euskal Gaien Institutua 52. Durangoko Azokan

Amaitu DA 2017ko Durangoko Azoka. Molde guztietako proposamen eta bizipenez betetako 5 egun bizi, koloretsu, zaratatsu, jendetsu eta etenik gabeko… amaitu dira.

Azokaren 52. edizio honek eman dituen guztiak laburbiltzea zailegia litzateke (eta ziurraski goizegi da oraindik), baina Euskal Gaien Institututik bertan parte hartu dugun hiru ekimen azpimarratu nahi genituzke:

Luzia Alberro Goikoetxeak “Bertsolarien ahoz: moderninazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936” liburua aurkeztu du Areto Nagusian. Alberro irakasleak Xenpelar, Bilintx, Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Txirrita eta Jose Mari Lopetegi bertsolariak aztertu ditu, eta aurkeztu berri den lanak bertsolarien lanek Euskal Herriaren historia ezagutzeko iturri historiko gisa duten balioa erakusten digu. Bertsolarien-ahozArgitalpenekin jarraituz Jone Goirigolzarri Garaizar, Xabier Landabidea Urresti eta Ibon Manterola Garatek koordinatutako “Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktika berriak birpentsatzen” liburua argitaratu berri da Udako Euskal Unibertsitatearen eta Euskal Gaien Institutuaren artean, eta baita Azokara eramandako aleak agortu ere. Liburua erosteko aukera dago oraindik Buruxkak atariaren bidez helbide honetan.

euskararen biziberritzea

Amaitzeko, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Hekimen Elkarteak lankidetzan sortutako Behategia Euskal Hedabideen Behatokiaren proiektura batu da UEU, eta sinadura ekitaldian parte hartu du beste erretore eta zuzendariekin batera Jose Maria Guibert DUko erretoreak.

urtekaria 2017
Ezkerretik eskumara Alberto Barandiaran (Hekimen), Iñaki Alegria (UEU), Jose Maria Guibert (DU), Nekane Balluerka (EHU/UPV), Vicente Atxa (MU) eta Libe Mimenza (Behategia)

Ekitaldian Euskal Hedabideen Urtekariaren 2017. urteko zenbakia argitaratu da. Helbide honetan eskuratu daiteke doan.

Abenduko egun hauek eman dutenaren lagin txiki txiki bat baino ez diren arren, pozik gaude ereindako haziez eta jasotako uztaz. Datorren urtean gehiago!

 

 

[Oihaneder Euskararen Etxea] Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen.

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeari begira egindako aurrera pausoak agerikoak diren bezala, euskalgintzan diharduten agenteen artean gero eta orokortuagoa dago fase baten agortzearen kontzientzia. Aurreko fasean, euskararen ezagutza sendotzea eta zabaltzea hartu zen ardatz, ezagutza eta erabileraren artean harreman zuzen eta positiboa zegoela sinetsita, eta euskararen biziberritzea ezagutzak bermatuko zuela pentsatuta. Ikuspegi hori zalantzan dago gaur egun; euskararen ezagutzak gora egin arren, erabilerak ez duelako joera eta neurri berbera jarraitu, ez hedabideetan, ez etxean, ez aisialdian, ez eskolako esparru batzuetan, ezta lan munduan ere. Aldi berean, urteotan, testuinguru soziala bera ere aldatu egin da, garai batean eraginkorrak ziren euskararen biziberritzeari begirako diskurtsoen baliozkotasun eta eraginkortasuna auzitan jarriz.

Eszenatoki horrek interpelatu egiten gaitu: norantz eta nondik egin behar dira euskararen biziberritzearen aldeko ahalegin berriak? Orain arteko marko berberetan funtzionatzen jarraitu dezakegu? Diskurtso berriak behar ditugu? Badaude? Zein praktika izango dira beharrezkoak hemendik aurrera? Eta noski, zein harreman daude eta behar ditugu praktika, diskurtso eta marko zahar-berrien artean?

Ikastaro hau UeuUdako Euskal Unibertsitatearekin eta  Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean antolatu da.

Ikusi hemen UEUren 44. Udako Ikastaroaren aurkezpen bideoa: Ibon Manterola eta Jone Goirigolzarri, Euskararen biziberritzea.

Irakasleak

Helburuak

  • Euskararen biziberritzearen orain arteko ibilbidearen hausnarketa kritikoa egitea esparru eta ikuspegi anitzetatik.
  • Euskararen normalizazioan aurrera egiteko diskurtso eta praktika berriak proposatzea, esparruz esparru.
  • Euskararen biziberritzearen ikuspegi globala lantzea, esparruen arteko sinergiak bilatuz.

Metodologia

Ikastaroak hitzaldiak eta eztabaida-saioak bilduko ditu. Ikastaroari sarrerako hitzaldi batekin emango zaio hasiera. Hitzaldiaren helburua euskararen biziberritze prozesuaren ibilbide kritikoa burutzea izango da, gaur egungo markoa irudikatuz eta ikastaroan zehar landuko diren gaiei sarrera eginez.

Ikastaroari itxiera mahai inguru batekin emango zaio. Azken jarduera horren helburua ikastaroan zehar agertutako ideia interesgarrienak bildueta ikastaro/hausnarketa saio berrietarako galdera berriak planteatzea izango da.

Hitzaldietan zein mahai-inguruan ohiko galdera txandatxoak ere izango dira.

Nori zuzendua

Ikastaroa maila profesional, akademiko zein pertsonalean euskararen biziberritzearekiko interesa duen norbanako, talde zein erakunde guztiei dago zuzendua. Besteak beste, erakunde publiko zein pribatuetako langileei: euskara teknikariak eta plangintza sortzaile eta bideratzaileak, aisialdiko begiraleak, kazetariak, irakasleak, ikerlariak, eta abar.

Egitaraua

2017-01-31

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Eskola.

2017-02-28

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Familia eta aisialdia.

2017-03-28

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Hedabideak.

2017-04-25

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Lana.

2017-05-30

Ordua Edukiak Irakaslea
19:00-20:45

Itxiera mahai ingurua.

 Matrikulaziorako argibideak

1. IKASTARO OSOAN izena emateko:

  • prezioa: 45,00€
  • Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.eus, (Irati).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

 

2. SAIO BATEN izena emateko:

  • Egitarauan klikatu zuk aukeratutako saioan dagoen ‘matrikulatu‘ aukeran.
  • Hitzaldiaren orrira eramango zaitu. Bertatik egin dezakezu izen ematea.
  • Prezioa: orokorra 14,00€ / ikasle eta langabetuak: 12,60€ / UEUko kideak 10,50€

Oharrak

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozeduran onartzeko eskaera bideratuta. Erantzunaren zain.

Euskararen Biziberritzea eta IKTak Euskal Herrian ikastaroak Euskadi Irratiko Ekosfera saioan

Uda aurretik UEU eta Euskal Gaien Institutuaren artean elkarlanean antolatutako Euskararen Biziberritzea eta IKTak Euskal Herrian ikastaroak izan ditu hizpide Xabier Landabideak 2016ko urria amaierako Ekosfera saioan.

Hemen duzue entzungai:

http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/ekosfera/4343352/4464414/giza-zientzitako-ikerketa-eta-zientziaren-jardunbidea/

[Bideo bilduma] Euskararen Biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen.

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeari begira egindako aurrera pausoak agerikoak diren bezala, euskalgintzan diharduten agenteen artean gero eta orokortuagoa dago fase baten agortzearen kontzientzia.  Urteotan, testuinguru soziala bera ere aldatu egin da, garai batean eraginkorrak ziren euskararen biziberritzeari begirako diskurtsoen baliozkotasun eta eraginkortasuna auzitan jarriz.

Testuinguru horretan Euskararen Biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroak hiru helburu nagusi izan ditu, bi eguneko jardunean landu direnak:

  • Euskararen biziberritzearen orain arteko ibilbidearen hausnarketa kritikoa egitea esparru eta ikuspegi anitzetatik.
  • Euskararen normalizazioan aurrera egiteko diskurtso eta praktika berriak proposatzea, esparruz esparru.
  • Euskararen biziberritzearen ikuspegi globala lantzea, esparruen arteko sinergiak bilatuz.

Ikastaroa Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean  antolatu da, DU eta UEUren arteko hitzarmenari jarraipena emanez IKTak Euskal Herrian ikastaroarekin batera.

Bideo labur honetan Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola ikastaroaren antolatzaileek azaldu dute ikastaroaren berri:

Bestalde hemen argitaratu ditugu ikastaroko hitzaldi eta dinamika ezberdinak:

Jone Goirigolzarri, Ibon Manterola: Ikastaroaren aurkezpena eta nondik norakoak.

Mikel Irizar: Euskararen biziberritzearen ibilbidea: azterketa kritikoa.

Ane Ortega eta Leire Diaz de Gereñu: Euskararen biziberritzea eskolan I.

Josune Zabala. Euskararen biziberritzea eskolan II.

Jone Miren Hernandez, Jaime Altuna, Paula Kasares: Euskararen biziberritzea familian eta aisialdian I.

Kike Amonarriz. Euskararen biziberritzea familian eta aisialdian II.

Patxi Saez: Euskararen biziberritzea lan munduan.

Alberto Barandiaran, Gorka Salces: Euskararen biziberritzea hedabideetan.

Belen Uranga: Itxiera ekitaldia: ikasitakoak laburbildu eta aurrera begirakoak.

[Bideoa] IKTak Euskal Herrian: ikerketa, ezagutza eta ekintzarako @biapuntu berriak

Euskal Gaien Institutua eta Udako Euskal Unibertsitatearen artean Uztailaren 8 eta 9an Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean antolatutako topaketa bideoan jaso dugu.

Lehenenengo egunean Errota Digitala eta Talaios Kooperatibako kideek Komunikazioa, Informazioa eta Teknologiaren inguruko kokapen orokorra eta lanerako tresnak aurkeztu zituzten:

Bigarren egunean .EUS, Gure Esku Dago eta Hekimeneko ordezkariek haien proiektuak aurkeztu zizkiguten topaketen hiru lan lerroen abiapuntu bezala: Ezagutza eta neurketa modu berriak, Demokratizazioa eta parte hartzea gaur eta orain eta Komunitategintza eta gutasunaren teknologiak.

 

Ikastaroari amaiera emateko Bilboko Kafe Antzokian Gau Digitala ospatu genuen, Ttottelka, Bor Bor, jimakker live coding Xperience eta Tttun Ttun Brigade taldeekin. Twitterren #IKTEH traola erabili genuen ikastaroaren jarraipena egiteko (ikus baita storify gisan, eta  NAIZ atarian agertutakoak).

Gau Digitala Errobota

Ikastaro bi Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean 2016ko udan

2016ko udan bi ikastaro antolatu ditugu Euskal Gaien Institututik UEUrekin elkarlanean.

Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroa ekainaren 30 eta uztailaren 1ean egingo da Eibarko Markeskoa Jauregian. Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterolak koordinatuko dute, eta eskola, familia, aisialdia, lan mundua eta komunikabideak izango ditu aztergai, orain artekotik ikasi eta etorkizunerako lerroak pentsatzen hasteko asmoz.

Gureaz Blai saioan ikastaroaren berri emateko egindako kolaborazioa hemen entzun daiteke.

Euskara

Bigarren ikastaroa, IKTak Euskal Herrian: ikerketa, ezagutza eta ekintzarako @biapuntu berriak  Deustuko Unibertsitatearen Bilboko  campusean ospatuko dugu uztailaren 8 eta 9an.  Amaiera Bilboko Kafe Antzokian emango zaio, Gau Digitala deituriko jaiarekin. Errota Digitala elkartea eta Talaios Kooperatiba egongo dira ikastaroa dinamizatzen, eta hiru lerro landuko dira, hiru lan talde ezberdinetan:

  • Ezagutza eta neurketa modu berriak
  • Demokratizazioa eta parte hartzea gaur eta orain
  • Komunitategintza eta gutasunaren teknologiak

Hemen entzun daiteke Xabier Landabideak Arrosa Sareko Zebrabidea saioan egindako kolaborazioa.

IKTak

Elkarlan hau iaz sinatu genuen DU-UEU hitzarmenak zabaltzen dituen aukeren adierazgarri dela uste dugu, eta gonbidapena luzatu nahi dizuegu bertan izena eman eta parte hartu dezazuen.

DU-UEU Hitzarmenaren sinadura ekitaldia: “Ikerketa eta Euskara”

Atzoko egunean, 2015eko maiatzaren 5ean Deustuko Unibertsitatearen eta Udako Euskal Unibertsitatearen arteko elkarlanerako hitzarmena sinatu zen Mundaizeko campusean.

Ekitaldiaren baitan hitzaldi ezberdinak izan ziren. Hemen da Elixabete Perez Gaztelu irakasle eta ikertzaileak emandakoa: Ikerketa eta euskara  (InfoCom gunean ere kontsultatu daiteke).

elixabete DUEU

Ikerketa eta euskara.

Litezkeenetatik, ikerketa eta euskara falta izatea albo batera utzita, bi elementu horien artean hiru konbinazio mota era daitezke, ikertzaileak euskara zertarako erabiltzen duen; euskara ikergai duen, edo/eta euskara adierazteko tresna duen. Lehen konbinazioa euskara erdaraz ikertzeari dagokio, bigarrena euskara euskaraz ikertzeari eta hirugarrena, baina niretzat interesgarriena, edozein ikergai euskaraz ikertu eta argitaratzeari.

Saia gaitezen arrasto gutxitan marrazten Deustuko Unibertsitatean konbinazio horiek zer bide egin duten, egiten ari diren eta, batek daki!, egingo duten.

Lehen konbinazioa hartuta eta pittin batean atzera eginda, ohartuko gara, kanpoan bezalaxe, unibertsitate honetan ere hasieran euskarari buruzko ikerketa batez ere gaztelaniaz egiten zela. Orain eta hemen poz-pozik egongo litzatekeen Patxi Altuna gure Euskal Filologiaren aita eta maisuak ez al zuen bada, Bernard Etxepareren gaineko doktore tesia gaztelaniaz egin? Deustutik kanpora, baina ez oso kanpora joanda, Koldo Mitxelena Luis Michelenaren itxuran, ch eta guzti, agertu zitzaigun maiz literatura zeintifikoan, hain zuzen, euskararen azterketa zientifikoaren oinarriak jartzean.

Ingelesak hartu du gerora, neurri batean bederen, gaztelaniak zuen lekua: aspaldi samarretik hasita (1989koa da Ortiz de Urbinaren Parameters in the Grammar of Basque) euskarari buruz gero eta ikerketa gehiago egiten dira ingelesez Deustuko Unibertsitatean. Jon Ortiz de Urbinaren ondoan, Estibalitz Amorrortu, Joseba Abaitua eta beste aipatu beharko lirateke.

Ahotan hartu ditugun Altuna azpeitiarrak eta aurten 100 urte beteko zituen Mitxelena errenteriarrak, erdaraz ez ezik euskaraz ere ikertu zuten euskararen gainean. Zehaztu dugun bigarren konbinazioa. Euskaraz ikertzeak, demagun doktore tesi bat hasi eta buka euskaraz egiteak hizkuntza-eskakizun batzuk ere baditu: doktoregaiaren gaitasunak, zuzendariarenak, epaimahaikideenak… Seguruenik, horregatik, euskaraz ikertzea, unibertsitate honetan ere, batik bat Euskal Filologiak ekarri zuen. Euskarazko doktore tesi askotxo jakintza arlo horretakoak dira.

Aipatu bi konbinazioon araberako ikerlanen ondoan, hirugarren bat bada, interesgarriagoa eta egun oraingoz hutsegi dagoena: euskara ikergai izan gabe, ikerketa egiteko eta adierazteko tresna izatearena. Ildo honetan iraganbidean aipatzekoa da Jone Goirigolzarri Garaizarrek aurkeztu berri duen doktore tesia: Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoen hizkuntza politikak eta hizkuntza ideologiak 1980-2012: Eusko Legebiltzarreko hauteskunde programen azterketa. (2015). Bistan da euskararekin baduela zerikusia, euskararen estatusa tartean da, baina helburua ez da euskararen corpusa bera ikertzea. Nolabait esan, bigarren konbinaziotik hirugarrenerako bidean du kokalekua.

Mitxelenaren euskara “noranahiko” egitearen adibide argiena litzateke, hain zuzen, hirugarren konbinazioa, Lizardiren modura esanez, euskara edozein “jakiteren hegoek igoa” gorpuztea; euskara ikerketa egiteko eta zabaltzeko adierazpide naturala, normala izatea, besteak beste, unibertsitate honetan Ekonomiaren, Zuzenbidearen, Komunikazioaren, Soziologiaren arloetan aleka bada ere, ikertzaileak egiten ari diren bezala.

Baina azken batean, zerk eraginda, zergatik hautatzen du ikertzaile batek euskara ikerkuntzan aritzeko, ikerlanak argitaratzeko, zabalkunderako?

Ikertzailearen hizkuntza-gaitasunak eragin dezake, jakina; ikertzaile guztiok erosoago sentitzen gara hizkuntza batean beste batean baino. Baina esan beharrik ez dago gaur egun ingelesa dela munduko parte handi batean aspaldi batean latina eta frantsesa izan ziren bezala, ikerketaren, ikertzaileen “lingua franca”, elkarrekin komunikatzeko bitartekoa, eta ingelesez komunikatu behar zaiola arloan arloko komunitate zientifikoari; ingelesez argitaratu behar dutela ikertzaileek bere lanei nolabaiteko balioespena emango badiete. Nolabait esan, euskara ez den erdararen batean, ingelesez, ikertu edo, gutxienez argitaratu beharrean gara.

Hots, hasieran eratu ditugun konbinazioetako lehena, zaharrena (“euskara erdaraz, ingelesez aztertu”) eta euskarak batere lekurik ez zuelako albo batera utzi dugun “euskara ez den beste edozein ikergai ingelesez aztertu” konbinazioa nagusitu dira inondik ere.

Eta, hala ere, ikertzaile batzuk, “setosoak” dira, gure modura esanda, euskaraz ere ikertzen eta ikerlanak euskaraz argitaratzen saiatzen dira.

—Tiende a escribir en euskera…

—No tiendo [corta categórica]. Es una opción política con consciencia de renuncia porque es de nuestras dos lenguas oficiales la que más ayuda necesita. Es una lengua que no se ha podido desarrollar en muchos ámbitos, por ejemplo el académico. Por eso la elegí para hacer mi tesis, aunque ello hiciera que muchos expertos no puedan acercarse a ella. Lourdes Oñederra, Diario de Noticias de Álava Domingo, 26 de Abril de 2015 

Lourdes Oñederra ikertzaile, unibertsitateko irakasle, idazle eta euskaltzain osoaren hitzok ezin egokiagoak dira bukaerara iristeko. Ikertzailearen esku dago, hein txiki batean bederen, hizkuntza-hautua. Hala da, baina ez erabat.

Ikertzailearen hautua bultzatzeko, sendotzeko… erakundeen, unibertsitateen laguntza ezinbestekoa da. Euskal Herriko unibertsitateek benetan nahi badute bere ikertzaileek euskaraz iker eta argitara dezaten ikertzaileei behar adinako babesa eman behar diete. Bi alderdiok elkar hartzea ezinutzizkoa da.

Gaurko ekitaldia urrats garrantzitsua da Deustuko Unibertsitateko euskal ikertzaileontzat. Nahi litzateke UEUrekiko hitzarmena akuilu berebizikoa izatea euskaraz ikertu eta argitaratu nahi dutenentzat. Hala nahi eta hala espero.