Euskal Gaiak-(r)en bidalketa guztiak

Hasi dugu 2014-2015 ikasturtea

Argazkia: Adrian Zubia Fernandez

Irailarekin batera unibertsitateko ikasgela, pasabide, klaustro eta   txokoak berriro ere biziberritu dira, eta lagun zahar eta berriz bete zaizkigu bazterrak.

Ikasturteak emango duena aurrikusteko goizegi den arren Euskal Gaien Institutuan martxa betean gaude, eta hurrengo hilabeteetarako zenbait gauza prest ditugu. Urri partean Jon Bilbao bibliografo aitzindariaren jaiotzaren 100 urteak ospatuko ditugu IIBZ-CRAI-n, azaroak 20an Danele Sarriugarte eta Garazi Arrularen solasaldia izango dugu Garate aretoan, Itzulpengintza, Sormena eta Literaturaren inguruan eta Abenduaren 3an “Euskal Gaiak Deustuko Unibertsitatean: iragana, oraina, geroa” dokumentala estreinatuko dugu Euskeraren Nazioarteko egunean, azken 40 urte hauetan lanean ibili diren 30 protagonistaren ahotsak jasoz.  Bestetik, twitter kontua ere sortu dugu, eta apurka apurka joango gara hau ere edukiz elikatzen.

Ikasturte berriarekin Sare Komunikazio Sistemak ikasgaia ere martxan jarri dugu Euskal Filologia, Humanitate eta Hizkuntza Modernoetako graduetan. Informazioa eskuratu, landu eta helarazteko tresna digitalei buruzko hausnarketa gune eta laborategi izan nahi du ikasgaiak (euskara eta euskal kulturaren esparru digitalei bereziki erreparatuz), eta horretan Joseba Abaitua doktorea bidaide izango dugu. #SareKom1415 izango da ikerlari, irakasle eta ikasleen arteko elkarlanerako laborategi honen nondik norakoak jarraitzeko traola.

Urte interesgarria izango da, ez dugu zalantzarik. Bertan topo egiteko aukera izango dugulakoan, besarkada bat

Euskaltzaindiaren “Hitz-elkarketa” argitalpenak eta atal berria

Miren Azkarate,  Jon Artza, Andres Urrutia eta Elixabete Perez Gaztelu.

Gaur, uztailaren 3an, Euskaltzaindiak atal berri bat zabaldu du interneten, bere webgunean. “Hitz-elkarketa” du izena eta “Hiztegiak eta corpusak” atalaren barruan kokatu da. Hemen kontsulta daiteke.

Bertan jaso dira LEF batzordeak (Lexiko Erizpideak Finkatzeko batzordeak) hitz-elkarketaz egin dituen lau lanak. Urteak behar izan dira horiek guztiak jendearen eskura jartzeko. Merezi izan du, baina: “Bitartean -Miren Azkarateren hitzetan- eskuratu ditugun teknologia berriei esker, beste modu bateko argitalpena duzue esku artean. Eta hamar mila adibide baino gehiago eskura”.

Lau lan, beraz, LEF batzordeak egindakoak, hitz-elkarketaren gaia sakonki jorratzen dutenak. Horietako hiru -Hitz-Elkarketa/1 (1986), Hitz-Elkarketa/3(1991) eta Hitz-Elkarketa/4 (1992)- eskura zituen erabiltzaileak paperezko edizioan, baina ez zegoen bertsio elektronikorik. Orain PDF formatuan ere kontsulta daitezke, webgunean.

Laugarren lana, Hitz-Elkarketa/2 izenekoa, argitaratu gabe zegoen orain arte. Horren edukia, beraz, lehenbiziko aldiz eskaintzen da, hiru bertsiotan: modu interaktiboan, ordenagailuan nabigatzeko; PDF formatuan; eta ePub bertsioan -Euskaltzaindiak lehendabiziko aldiz eskaintzen du lan bat modu horretan- irakurgailu elektronikoetara jaitsi eta bertatik nabigatzeko. Lana Miren Azkarate euskaltzain osoak eta Elixabete Perez Gaztelu euskaltzain urgazleak prestatu dute.

Eurekin batera, gaurko aurkezpenean Andres Urrutia euskaltzainburua eta Jon Artza Euskaltzaindiko Argitalpen zerbitzuko arduraduna izan dira. Lauron artean, lanaren nondik norakoa azaldu dute, adibideak jarriz eta zehaztasun teknikoak eskainiz. Hona ekarri ditugu Miren Azkarateren eta Elixabete Perez Gazteluren hitzak, eta baita aurkezpenean erabili den material grafikoa ere.

Elixabete Perez Gaztelu lankidearen aurkezpeneko hitzak hemen irakurri daitezke. 

Euskal komunikazio-eremua: ikerketa eta ekintzarako gure bideen bila.

Uztailari hasiera emateko “Euskal Komunikazio Eremua: ikerketa eta ekintzarako gure bideen bila. Euskal Hedabideen Behategirantz jardunaldia.” jardunaldia burutu zen atzo Eibarren UEU, EHU, MU eta DU unibertsitateen eta Hekimen Euskal Hedabideen Elkartearen artean.

Euskal Komunikazio Eremua 1

 Alberto Barandiaran eta Patxi Azpillaga, ekitaldiari hasiera ematen.

Goizak EAEko hiru unibertsitateetako komunikazioaren inguruko ikerketa ezagutzeko parada eman zigun. UPV-EHUtik Josu Amezagak ko NOR taldearen berri eman zigun,  Alazne Ayestaranek HGH (Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza) taldearen inguruan aritu zen eta Iñaki Zabaletak HEKA (Europar Hizkuntza gutxituetako Hedabideak eta Kazetaritza) aurkeztu zigun.

Mondragon Unibertsitatetik berriz Aitor Zuberogoitia, Txema Egaña, Amaia Pavón eta Eneko Bidegainek HUHEZIKO HEZIKOM taldearen ikerketa lerro eta proiektuen berri eman ziguten. Amaitzeko Deustuko Unibertsitatetik Elixabete Perez Gaztelu, Oihane Korres eta Xabier Landabideak Komunikazioko ikertaldea eta telebistaren hartzeei buruzko bi doktorego tesi aurkeztu zituzten.

Euskal Komunikazio Eremua 2

Xabier Landabidea, Elixabete Perez Gaztelu eta Oihane Korres, DUren komunikazioaren inguruko ikerketa aurkezten. (Argazkia: Marijo Deogracias)

Arratsaldean berriz Euskal Hedabideen Behategia proiektua aurkeztu zizkiguten Alaitz Artolazabal eta Alberto Barandiaranek, haren beharrizana, helburuak eta metodologia posibleak eztabaidatzeko gero.

Jardunaldi inportantea, euskal komunikazioaren ikerketarako, inondik inora, lau unibertsitateren artean antolatua  komunikazioko sektore profesionalarekin batera. Hemendik aurrera ere zer esana eta zer egina ekarriko dituena.

Patxi Azpillaga irakasleak jardunaldiaren nondik norakoak azaltzen ditu bideo honetan:

“Euskaldunok eta telebista: potentzialtasunak eta errealitateak XXI. mendean” hitzaldia Bilboko Kafe Antzokian

Xabier Landabidea Urresti Euskal Gaien instituko ikertzaileak hitzaldia emango du datorren ekainaren 10ean, goizeko 10:30etan Bilboko Kafe Antzokian.

Xabier Landabidea: "Euskaldunok eta telebista"

Euskaldunok, XXI. mendeko beste hainbat herrik bezala, ezaguna dugu telebista gure egunerokotasunean. Telebistari denbora ezezik lekua eskaintzen diogu, eta egunaren (edo gauaren) orduak ezezik etxeko altzariak ere okupatzen dizkigu sarri, konturatu orduko, edo ia-ezinbestean. Eguraldia bezala, telebista elkarrizketagai hartzen dugu, baina apenas hartzen dugun astirik haren inguruan pentsatzeko, beti hor egon den zerbait bilakatu baita urteen poderioz.

Baina gauzak aldatzen ari dira, sakon eta bizkor aldatu ere. Telebistaren pantailak aldi berean egin dira txikiago (orain poltsikoan ere eramaten ditugu telebista saioak erakusteko gai diren telefono eta bestelakoak) eta handiago (gure egongelak eta tabernetako hormak zinema areto bilakatzeraino ia). Gutxiagotan jartzen gara adi-adi telebistari begira, azken gertaeren berri jakiteko, eta geroz eta gehiago konbinatzen ditugu bestelako ikus-entzunezko irakurketa eta elkarrizketazko jarduerak pantaila aurrean egotearekin.
Teknologiak konbergentzia edo bateratze multimedia eta digitalerako aukera oparoak zabaldu ditu, hedabide ezberdinen arteko mugak lausotuz eta ikus-entzunezko edukia hein handi batean euskarrietatik askatuz. Aukera berriak ohitura zaharrekin batera bizi ditugu, eta sarritan jada ez dakigu ondo zer diogun “telebista” diogunean. Hitzaldian Bizkaiko lau adin-talderekin egindako landa lanaren datuak aurkeztuko ditugu, belaunaldi ezberdinen perspektibatik euskaldunok telebistarekin ditugun harremanak ezagutu eta XXI. menderako telebistak eskaintzen dizkigun potentzialtasun ezberdinak aztertzeko .

EGUNA/ORDUA

2014/06/10
ASTEARTEA
10:30

Antolatzailea: Zenbat Gara Elkartea eta UEU
Doako sarrera

0

Euskal Gaiak: erositako azken liburuak

Deustuko Unibertsitateko Liburutegiaren (IIBZ) aren eta Euskal Gaien Institutuaren lehentasunen artean euskal gaien inguruko argitaralpen esanguratsu eta eguneratuak eskaintzea dago. Horretarako, liburutegiak Erositako Azken Liburuen zerbitzua eskaintzen du , non liburu berriak kontsulta daitezkeen.

Hemendik aurrera blog honetara Euskal Gaiekin lotura duten liburu berri guztiak ekarriko ditugu. Horretarako ez duzu ezkerreko zutabea begiratzea besterik, azken nobedadeak ezagutzeko.

Aste honetan adibidez, Mari Luz Estebanen “Amaren heriotzak libreago egin ninduen” olerki liburua, Bernardo Atxagaren “Nevadako egunak” eleberria, Mariasun Landaren “Inurrien hiztegia” ipuin bilduma  eta José Enrique Urrutiaren “Weylerren itzala” kontakizuna gehitu ditugu eskura ditugun liburuen bildumara.

Liburu hauek eskuratu nahi izanez gero IIBZren katalogora jo dezakezu, edo zuzenean klikatu liburu bakoitzaren estekan.

gezia eta liburuak

Joan-etorriko bideoa eta argazkiak

camiños 1 Txiki gelditu da 153. gela Isaac Xubín eta Joxemari Sestorainen hitzak entzuteko, eta gaurkoan hitza protagonista izan dugun arren (hitz idatzia, hitz irakurria, euskarazko hitza, galizierazko hitza), argazkitan ekarri dugu ikusi eta entzundakoaren berri, etorri izan ezin duenarentzat, edo bertan egon denarentzat gozagarri.