Kategoriaren artxiboa: Euskara

Gabriel Arestiren Ondarea Zikloa

50 urte bete berri dira Gabriel Arestiren Harri eta Herri poema liburua argitaratu zenetik, eta 2015eko ekainean 40 urte beteko dira bilbotar poeta hil zenetik. Une ezin egokiagoa Gabriel Arestiren bizitza, figura eta lana unibertsitatera ekarri eta haren ondarearen inguruko ziklo bat proposatzeko.

DeustoBide Herritartasun Eskolaren markoan unibertsitateko ohiko formatoak gainditu eta jarduera osagarriz osatutako ziklo berritzaile eta diziplinarteko bat antolatzeko aukera zabaldu zaigu Gabriel Aresti Kultura elkartearekin elkarlanean.

Ziklo osoaren eskuorria hemen kontsultatu daiteke, eta irekita dago izena emateko webgunea ere.

Honakoa da egitaraua:

  • Gabriel Arestiren lana eta bizitza: hitzaldi musikatua Gabriel Arestiren bizitza haren obraren bidez, eta hitzak musikak lagundurik. Maiatzak 25, astelehena. 17:30-20:30. Bilbo, Deustuko Unibertsitatea.
  • Nazioaren alegoria Gabriel Arestiren poesian: Mintegia
    Gabriel Arestiren olerkietan nazioak hartu dituen aldaerak
    eta poetaren Euskal Herria lerro artean irakurtzeko saioa. Maiatzak 26, asteartea 17:30-20:30. Bilbo, Deustuko Unibertsitatea.
  • Arestiren Bilbo: ibilbide turistikoa
    Poetaren sorlekua, haurtzaroa, erreferentzia intelektualak
    eta lan aipagarrienak ezagutzeko parada. Ekainak 3, asteazkena 17:30 – 20:00. Bilbo, Kafe Antzokian hasita
  • Zikloaren itxiera saio honetan Miren Agur Meabe idazle Lekeitiarrak Arestiren arrastoa aletuko du lehenengo pertsonan egindako irakurketarekin. Ekainak 4, osteguna 19:00. Bilbo, Deustuko Unibertsitatea. Irekia mundu guztiarentzat.

Harri eta herri lanaren 50. urteurreneko edizio berria Material lagungarri bezala ikasle bakoitzari emango zaio Harri eta Herri poesia liburuaren berrogeita hamargarren urteurreneko edizioa.

Bi liburuk osatzen dute argitalpen berria: Arestiren liburua, argitaratu zen bezala batetik eta 50. Artikulu bilduma izeneko liburua bestetik zenbait euskaltzainek eta egilek idatziriko artikuluak biltzen dituena.

Ziklo osoaren prezioa 50 eurokoa da, eta izena emateko argibideak hemen aurki daitezke.

Informazio gehiagorako idatzi deustobide@deusto.es edo euskal.gaiak@deusto.es helbideetara edo deitu 94.413.90.75 telefonora.

gabriel-aresti

Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta internet: lotuneak, migrazioak, trantsizioak eta etendurak

Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta internet: lotuneak, migrazioak, trantsizioak eta etendurak proiektua hasi berri dugu Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitateko ikerlarien artean, eta hari lotuta #selfieIKT twitterreko kanpaina abian jarri da.

Arrosa Sareko Zebrabidea saioan eta Berrian kanpainaren berri eman dugu Elkarrizketa Zebrabidean

Bestetik, Urtzi Urkizuk artikulua argitaratu du Berrian

Euskaldunon kontsumoari ‘selfie’-a

Euskarazko komunikabideen ikerketa kualitatiboa egiteko, hiru ikerlarik #selfieIKT kanpaina jarri dute martxan Twitterren

2015-04-26 / Urtzi Urkizu

Hekimen elkartearekin batera, Xabier Landabidea (Deustuko Unibertsitatea), Gorka Salces (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Koldo Diaz Bizkarguenaga (Mondragon Unibertsitatea) audientzia ikerketa kualitatiboak egiteko proposamen bat lantzen ari dira. Euskal Hedabideen Behategiaren proiektuarekin lotutako Bestelako irakur-ikus-entzuleriaren ikerketak taldetik abiatutako proiektua da. Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta Internet aztertzeko. «Epe ertaineko proiektu bezala hasi dugu, eta helburua Interneten garapenak ekarri digun ekosistema berrian euskarazko komunikabideen kontsumo forma garaikideak hobeto ezagutzea da», dio Xabier Landabideak.

Ikerketa abiarazteko joko bat proposatu dute Twitterreko komunitate euskaldunarekin: #selfieIKT kanpaina. «Batetik, gure ikerketa hasieratik sozializatu nahi dugu, iker-objektuak iker-subjektu bilakatuz, nolabaiteko talde-hausnarketa fragmentatu eta umoretsu bat proposatuz». Bestetik, IkerGazte biltzarrean aurkeztuko dituzte ikerketaren oinarri teoriko eta metodologikoak. «Horretarako, nahiko genuke material fresko eta propioa eraman, gure disko gogorretako argazki zaharrak eta Googlen indexatutako irudi harrapaketan ibili baino». Eginahal horretan arrantzan ibiltzeko asmoa dute hiru ikerlariek, «komunikabideekin euskaldunok eguneroko harremanen deskribapen espontaneoen eta kasu kritikoen arrantzan».

Oraingoz Twitterren baino ez dago kanpaina, #selfieIKTetiketarekin. «Baina traolak martxa hartzen badu, oraindik Whatsappen amai dezakegu. Gaur egun hedabideen arteko mugak geroz eta lausoagoak dira». Jadanik hainbat euskal txiolarik zabaldu dute zer harremana duten euskarazko komunikabideekin.

Kanpaina-joko horren ostean, ikerlariek hamabost elkarrizketa egingo dituzte. Ahalik eta kasu ezberdinenak jasotzen saiatuko dira, egun dagoen «aniztasuna» eta «aberastasuna» islatzeko asmoarekin.

Aurten Durangoko Azokan aurkeztu nahiko lituzkete ikerlariek atariaren emaitza batzuk, Hekimen prestatzen ari den urtekariarekin batera.

Ohituretan aldaketak

Ikerlariek adierazi dute eguneroko esperientziaren berri izan nahi dutela, aldaketa teknologikoak praktiketan ez ezik praktika horiei ematen zaizkien zentzuetan eraldaketak izan dituelakoan. «Gure asmoa ez da lagin batetik abiatuta euskaldun guztien ohitura mediatikoen potreta osoa egitea, baizik eta aurretik bilatzen ari garen profil ezberdinen atzean dauden errealitate aniztun eta singularrak hobeto ezagutzea». Ikerlariei iruditzen zaie orain arteko audiometria eta hurbilketa estatistikoek ez dutela kontuan hartu dimentsio subjektibo hori. Horrenbestez, hurbilketa kualitatiboek euskal ikus-entzuleriaren ikerketa garaikide baterako «ekarpen garrantzitsuak» eskain ditzaketela uste dute.

Hiru unibertsitateetako ikerlariak ados daude: «Teknika kuantitatiboez gain, ezinbestekoa da kualitatiboak erabiltzea ere». Horregatik, euskarazko komunikabideen kontsumoaren hurbilketa etnografikoa proposatu dute, kontsumitzeko eta ez kontsumitzeko zergatiak eta moduak esploratu, eta Internetek sortu dituen etendura, trantsizio, migrazio eta eraldaketak hobeto ulertzeko.

Jone Goirigolzarri Hamaika Telebistan: euska(aha)lduntzea, nortasunak eta motibazioak

Nagore Uriartek Jone Goirigolzarri Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria elkarrizketatu du 19. Korrikaren karira Hamaika Telebistan. Bertan, euskara ikasteko prozesuez, hizkuntza identitatearen eraikuntzaz eta sentimendu eta motibazioez jardun dute, Ane Ortega, Estibaliz Amorrortu, Jacqueline Urla eta Belen Uranga ikerlariek ere parte hart duten euskararen hiztun berrien inguruko lanean oinarrituta.

Hemen ikusi daiteke elkarrizketa osoa:


Lanarekin lotutako “Nuevos hablantes de euskera: identidad y legitimidad” artikulua berriz Universitat Oberta de Catalunyaren webgunean kontsultatu daiteke: