Kategoriaren artxiboa: Ikerketa

Jone Goirigolzarri Hamaika Telebistan: euska(aha)lduntzea, nortasunak eta motibazioak

Nagore Uriartek Jone Goirigolzarri Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria elkarrizketatu du 19. Korrikaren karira Hamaika Telebistan. Bertan, euskara ikasteko prozesuez, hizkuntza identitatearen eraikuntzaz eta sentimendu eta motibazioez jardun dute, Ane Ortega, Estibaliz Amorrortu, Jacqueline Urla eta Belen Uranga ikerlariek ere parte hart duten euskararen hiztun berrien inguruko lanean oinarrituta.

Hemen ikusi daiteke elkarrizketa osoa:


Lanarekin lotutako “Nuevos hablantes de euskera: identidad y legitimidad” artikulua berriz Universitat Oberta de Catalunyaren webgunean kontsultatu daiteke:

Ertzak saioa: “Ikerlari gazte eta euskaldunak” Hamaika Telebistan

Gaur egun ez da arraroa egiten gure artean ikerlari gazteak aurkitzea, asko dira esparru ezberdinetan dabiltzanak. Harremanak sendotu nahian Udako Euskal Unibertsitateak ‘IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz’ kongresua aurkeztu du. Ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotzea du helburu, beraien arteko harremana sustatu asmoz. Ikerlari hainbatekin izan gara beraien egoera ezagutzeko: Xabier Landabidea, Estitxu Garai eta Olatz Perez de Viñaspre. Baita ere, Miren Josu Ormaetxebarria IkerGazte kongresuko arduradunarekin izan gara.

Ondare Bizia: Erbestea, Emigrazioa eta Itzulera

Migrarien nazioarteko egunean, Abenduaren 18an aurkeztu zen Bilboko Euskal Museoan Ondare Bizia Euskal erbestearen, emigrazioaren eta behin betiko Euskadirako itzuleraren historia eta gizarte arloko zabalkunderako eta hausnarketarako plataforma eta aren karira Alberto Catenaccik ondu duen Ahaztutako Garaiak / Tiempos Olvidados dokumentala.

PANO_20141218_180630 (1)

Aurkezpenean Sorkunde Aiarza Euskal Museoko Zuzendariak, Nerea Mujika Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko Zuzendariak, Pedro Oiarzabal Ikerketa Proiektuko Koordinatzaile eta Ikerlari Nagusiak, Mauri Vicente Linked Knowledge enpresako ingeniariak eta Sonia Bonifacio Euskal Gaien Institutuko ikerlariek parte hartu zuten.

Pozgarria izan zen dokumentalaren eta webgunearen protagonista asko eta asko haien senitartekoekin bertaratu zirela ikustea eta proiektuaren aurkezpena zuzenean haiekin bizi ahal izatea. Elkarrizketatzaile (Ainara Puerta eta Ainara Arozena kasu), ikerlari eta elkarrizketatuek, hartara, lekukotzak jasotzeko lan honen inguruan iritziak trukatzeko aukera izan zuten.

ondarebizia3

Eskerrik asko hurbildu zineten guztioi. Eta bertaratzerik izan ez bazenuten, hemen dituzue plataforma eta “Ahaztutako Garaiak / Tiempos Olvidados” dokumentala:

www.ondarebizia.deusto.es

 https://www.youtube.com/watch?v=3A-SpjiEmD4&feature=youtu.be

Zabaldu da IkerGazte Kongresua: Nazioarteko Ikerketa Euskaraz

HARRERA-MEZUA

UEUren eta Kongresuaren Batzorde Zientifikoaren izenean atsegin handiz gonbidatu nahi zaitugu IkerGazte 2015 kongresuan parte hartzera.

Asko gara ikerkuntzan dihardugunok eta asko gara eguneroko lan hori euskaraz egiten dugunok. Hemen, puntako ikerkuntza egiten dugu alor guztietan: giza zientzietan, gizarte-zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologia eta arkitekturan edota osasunean. Urteak daramatzagu UEUn arloz arloko profesional eta ikertzaileen bilkurak antolatzen, eta oraingo honetan jauzi garrantzitsu bat eman eta arlo guztietako ikertzaile euskaldunentzako bilgunea osatu nahi dugu. UEUren izaera bateratzaile eta integratzaileari zein UEUk euskararekiko duen konpromisoari eutsirik, IkerGazte 2015 ikertzaile euskaldunen lehen kongresurako deia luzatzen dizugu. Ikertzaile gazteen aldetik azken urteotan izan den hazkundea dela-eta, haiek bildu eta ikusgarritasun handiagoa ematea da xede nagusia. Gazte diogunean ibilbide zientifikoaz ari gara; tesia bukatzen ari zaren horri edo azken lauzpabost urteetan amaitu duzun horri zuzenduta dago kongresua.

Kongresuari hasiera emateko nazioartean izena duen hizlari bat izango dugu. Saio zientifikoetan, jasotako lanen artean hautatutako eta arlo guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izango ditugu, bai ahoz aurkeztuta bai poster formatuan. Parte-hartzaileok Euskal Herrian egiten den goi-mailako ikerkuntzaren gaineko ikuspegia izango dugu. Kongresuan parte hartuko dugun ikertzaileon arteko harremanak errazteko tailer (mintegi) interesgarriak eta saio osagarriak ere izango dira. Horretaz gain, kongresuak iraun bitartean Durangon bertan lo egiteko aukera izango dugu eta hori ere bultzatuko dugu.

Beraz, ikerkuntza-proiektu baten emaitzak ezagutarazi nahi dituzula? Erdu! Tesia bukatzear edo bukatu berri duzula eta zure emaitzen berri eman nahi duzula? Zatoz zu ere! Nazioarte mailako ikerkuntzaren berri euskaraz! Ez ezazu aukera galdu!

Hautatutako artikuluak ISBNa izango duen argitalpen digital batean agertuko dira eta Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin lankidetzan batzuen bertsio hedatuak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko aukera ere egongo da.

 

Ondare Bizia: Gure Memoria Eraikitzen

Ondare Bizia

Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak eta Giza
Eskubideen Institutuak Ondare Bizia: Gure Memoria
Eraikitzen ekitaldira gonbidatzen zaituzte, Euskal Museoan
(Miguel de Unamuno Plaza, 4, Bilbao), abenduaren 18an,
18:00etan, ospatuko dena. Ekitaldi honetan Ahaztutako
Garaiak – Tiempos Olvidados dokumentala eta Ondare
Bizia web gunea aurkeztuko dira.

Ahaztutako garaiak – Tiempos olvidados dokumentalak
erakusten du migrazioaren eta Euskadirako itzuleraren
iraganaren eta orainaren aniztasuna eta konplexutasuna, 24
pertsonaren lekukotasunen bidez. Beste garai batzuetako
oroitzapenen paisaietan murgiltzen da, ahazturen eta
oroitzapenen mugetan.

Ondare Bizia lineako plataforma, erbestearen,
emigrazioaren eta Euskadirako itzuleraren zabalkunderako
eta hausnarketarako sortutako multimedia atari bat da,
protagonista bakoitzaren bizitzaren historian murgiltzeko
aukera emango duena.

Eguna: 2014ko abenduaren 18a.
Ordua: 18:00.
Tokia: Euskal Museoan (Miguel de Unamuno Plaza, 4,
Bilbao).
Informazio gehiago: euskal.gaiak@deusto.es
(+34) 944 139 225.

—-

El Instituto de Estudios Vascos y el Instituto de Derechos
Humanos de la Universidad de Deusto tienen el placer de
invitarle al evento Ondare Bizia: Construyendo Nuestra
Memoria, el 18 de diciembre a las 18:00h en el Museo
Vasco (Miguel de Unamuno Plaza, 4, Bilbao), en el que se
presentarán el vídeo-documental Ahaztutako Garaiak –
Tiempos Olvidados y el sitio web Ondare Bizia.

El documental Ahaztutako Garaiak – Tiempos Olvidados
muestra la diversidad y complejidad del pasado y del
presente de la migración y del retorno a Euskadi, a partir de
los testimonios de 24 personas cuyas miradas nos adentran
en paisajes de memorias de otros tiempos que discurren
entre olvidos y recuerdos.

La plataforma online Ondare Bizia, es un portal multimedia
de divulgación y de reflexión sobre el hecho del exilio, la
emigración y el retorno a Euskadi, que permitirá profundizar
en cada una de las historias de vida de nuestros
protagonistas.

Día:18 de diciembre de 2014.
Hora: 18:00.
Lugar: Museo Vasco (Miguel de Unamuno Plaza, 4,
Bilbao).
Más información: euskal.gaiak@deusto.es
(+34) 944 139 225

Ishii Hisao Deustuko Unibertsitatean: ikerketa mintegia

GAIAK sailaren baitan Ishii Hisao (石井 久生) doktoreak Euskal Gaien Institutuak antolatutako ikerketa mintegian parte hartuko du. Mintegia irailaren 19an, burutuko da, datorren ostiralean, Bilboko Campuseko eraikin literarioko bigarren solairuan, 203. gelan. Bertan Amerikar Estatu Batuetako inmigrazio eta kulturari buruz burutzen ari den ikerketaren berri emango digu, euskaldunen kasua beste etorkin batzuen kasuarekin alderatuz.

Etortzeko asmorik izanez gero idatzi mesedez euskal.gaiak@deusto.es helbidera, plaza kopurua mugatua baita.

Ishii Hisao

Euskaltzaindiaren “Hitz-elkarketa” argitalpenak eta atal berria

Miren Azkarate,  Jon Artza, Andres Urrutia eta Elixabete Perez Gaztelu.

Gaur, uztailaren 3an, Euskaltzaindiak atal berri bat zabaldu du interneten, bere webgunean. “Hitz-elkarketa” du izena eta “Hiztegiak eta corpusak” atalaren barruan kokatu da. Hemen kontsulta daiteke.

Bertan jaso dira LEF batzordeak (Lexiko Erizpideak Finkatzeko batzordeak) hitz-elkarketaz egin dituen lau lanak. Urteak behar izan dira horiek guztiak jendearen eskura jartzeko. Merezi izan du, baina: “Bitartean -Miren Azkarateren hitzetan- eskuratu ditugun teknologia berriei esker, beste modu bateko argitalpena duzue esku artean. Eta hamar mila adibide baino gehiago eskura”.

Lau lan, beraz, LEF batzordeak egindakoak, hitz-elkarketaren gaia sakonki jorratzen dutenak. Horietako hiru -Hitz-Elkarketa/1 (1986), Hitz-Elkarketa/3(1991) eta Hitz-Elkarketa/4 (1992)- eskura zituen erabiltzaileak paperezko edizioan, baina ez zegoen bertsio elektronikorik. Orain PDF formatuan ere kontsulta daitezke, webgunean.

Laugarren lana, Hitz-Elkarketa/2 izenekoa, argitaratu gabe zegoen orain arte. Horren edukia, beraz, lehenbiziko aldiz eskaintzen da, hiru bertsiotan: modu interaktiboan, ordenagailuan nabigatzeko; PDF formatuan; eta ePub bertsioan -Euskaltzaindiak lehendabiziko aldiz eskaintzen du lan bat modu horretan- irakurgailu elektronikoetara jaitsi eta bertatik nabigatzeko. Lana Miren Azkarate euskaltzain osoak eta Elixabete Perez Gaztelu euskaltzain urgazleak prestatu dute.

Eurekin batera, gaurko aurkezpenean Andres Urrutia euskaltzainburua eta Jon Artza Euskaltzaindiko Argitalpen zerbitzuko arduraduna izan dira. Lauron artean, lanaren nondik norakoa azaldu dute, adibideak jarriz eta zehaztasun teknikoak eskainiz. Hona ekarri ditugu Miren Azkarateren eta Elixabete Perez Gazteluren hitzak, eta baita aurkezpenean erabili den material grafikoa ere.

Elixabete Perez Gaztelu lankidearen aurkezpeneko hitzak hemen irakurri daitezke. 

Euskal komunikazio-eremua: ikerketa eta ekintzarako gure bideen bila.

Uztailari hasiera emateko “Euskal Komunikazio Eremua: ikerketa eta ekintzarako gure bideen bila. Euskal Hedabideen Behategirantz jardunaldia.” jardunaldia burutu zen atzo Eibarren UEU, EHU, MU eta DU unibertsitateen eta Hekimen Euskal Hedabideen Elkartearen artean.

Euskal Komunikazio Eremua 1

 Alberto Barandiaran eta Patxi Azpillaga, ekitaldiari hasiera ematen.

Goizak EAEko hiru unibertsitateetako komunikazioaren inguruko ikerketa ezagutzeko parada eman zigun. UPV-EHUtik Josu Amezagak ko NOR taldearen berri eman zigun,  Alazne Ayestaranek HGH (Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza) taldearen inguruan aritu zen eta Iñaki Zabaletak HEKA (Europar Hizkuntza gutxituetako Hedabideak eta Kazetaritza) aurkeztu zigun.

Mondragon Unibertsitatetik berriz Aitor Zuberogoitia, Txema Egaña, Amaia Pavón eta Eneko Bidegainek HUHEZIKO HEZIKOM taldearen ikerketa lerro eta proiektuen berri eman ziguten. Amaitzeko Deustuko Unibertsitatetik Elixabete Perez Gaztelu, Oihane Korres eta Xabier Landabideak Komunikazioko ikertaldea eta telebistaren hartzeei buruzko bi doktorego tesi aurkeztu zituzten.

Euskal Komunikazio Eremua 2

Xabier Landabidea, Elixabete Perez Gaztelu eta Oihane Korres, DUren komunikazioaren inguruko ikerketa aurkezten. (Argazkia: Marijo Deogracias)

Arratsaldean berriz Euskal Hedabideen Behategia proiektua aurkeztu zizkiguten Alaitz Artolazabal eta Alberto Barandiaranek, haren beharrizana, helburuak eta metodologia posibleak eztabaidatzeko gero.

Jardunaldi inportantea, euskal komunikazioaren ikerketarako, inondik inora, lau unibertsitateren artean antolatua  komunikazioko sektore profesionalarekin batera. Hemendik aurrera ere zer esana eta zer egina ekarriko dituena.

Patxi Azpillaga irakasleak jardunaldiaren nondik norakoak azaltzen ditu bideo honetan: