Xabier Landabidea Urresti Euskal Gaien instituko ikertzaileak hitzaldia emango du datorren ekainaren 10ean, goizeko 10:30etan Bilboko Kafe Antzokian.
Euskaldunok, XXI. mendeko beste hainbat herrik bezala, ezaguna dugu telebista gure egunerokotasunean. Telebistari denbora ezezik lekua eskaintzen diogu, eta egunaren (edo gauaren) orduak ezezik etxeko altzariak ere okupatzen dizkigu sarri, konturatu orduko, edo ia-ezinbestean. Eguraldia bezala, telebista elkarrizketagai hartzen dugu, baina apenas hartzen dugun astirik haren inguruan pentsatzeko, beti hor egon den zerbait bilakatu baita urteen poderioz.
Baina gauzak aldatzen ari dira, sakon eta bizkor aldatu ere. Telebistaren pantailak aldi berean egin dira txikiago (orain poltsikoan ere eramaten ditugu telebista saioak erakusteko gai diren telefono eta bestelakoak) eta handiago (gure egongelak eta tabernetako hormak zinema areto bilakatzeraino ia). Gutxiagotan jartzen gara adi-adi telebistari begira, azken gertaeren berri jakiteko, eta geroz eta gehiago konbinatzen ditugu bestelako ikus-entzunezko irakurketa eta elkarrizketazko jarduerak pantaila aurrean egotearekin.
Teknologiak konbergentzia edo bateratze multimedia eta digitalerako aukera oparoak zabaldu ditu, hedabide ezberdinen arteko mugak lausotuz eta ikus-entzunezko edukia hein handi batean euskarrietatik askatuz. Aukera berriak ohitura zaharrekin batera bizi ditugu, eta sarritan jada ez dakigu ondo zer diogun “telebista” diogunean. Hitzaldian Bizkaiko lau adin-talderekin egindako landa lanaren datuak aurkeztuko ditugu, belaunaldi ezberdinen perspektibatik euskaldunok telebistarekin ditugun harremanak ezagutu eta XXI. menderako telebistak eskaintzen dizkigun potentzialtasun ezberdinak aztertzeko .
EGUNA/ORDUA
2014/06/10
ASTEARTEA
10:30
Antolatzailea: Zenbat Gara Elkartea eta UEU
Doako sarrera