Euskaltzaindiaren “Hitz-elkarketa” argitalpenak eta atal berria

Miren Azkarate,  Jon Artza, Andres Urrutia eta Elixabete Perez Gaztelu.

Gaur, uztailaren 3an, Euskaltzaindiak atal berri bat zabaldu du interneten, bere webgunean. “Hitz-elkarketa” du izena eta “Hiztegiak eta corpusak” atalaren barruan kokatu da. Hemen kontsulta daiteke.

Bertan jaso dira LEF batzordeak (Lexiko Erizpideak Finkatzeko batzordeak) hitz-elkarketaz egin dituen lau lanak. Urteak behar izan dira horiek guztiak jendearen eskura jartzeko. Merezi izan du, baina: “Bitartean -Miren Azkarateren hitzetan- eskuratu ditugun teknologia berriei esker, beste modu bateko argitalpena duzue esku artean. Eta hamar mila adibide baino gehiago eskura”.

Lau lan, beraz, LEF batzordeak egindakoak, hitz-elkarketaren gaia sakonki jorratzen dutenak. Horietako hiru -Hitz-Elkarketa/1 (1986), Hitz-Elkarketa/3(1991) eta Hitz-Elkarketa/4 (1992)- eskura zituen erabiltzaileak paperezko edizioan, baina ez zegoen bertsio elektronikorik. Orain PDF formatuan ere kontsulta daitezke, webgunean.

Laugarren lana, Hitz-Elkarketa/2 izenekoa, argitaratu gabe zegoen orain arte. Horren edukia, beraz, lehenbiziko aldiz eskaintzen da, hiru bertsiotan: modu interaktiboan, ordenagailuan nabigatzeko; PDF formatuan; eta ePub bertsioan -Euskaltzaindiak lehendabiziko aldiz eskaintzen du lan bat modu horretan- irakurgailu elektronikoetara jaitsi eta bertatik nabigatzeko. Lana Miren Azkarate euskaltzain osoak eta Elixabete Perez Gaztelu euskaltzain urgazleak prestatu dute.

Eurekin batera, gaurko aurkezpenean Andres Urrutia euskaltzainburua eta Jon Artza Euskaltzaindiko Argitalpen zerbitzuko arduraduna izan dira. Lauron artean, lanaren nondik norakoa azaldu dute, adibideak jarriz eta zehaztasun teknikoak eskainiz. Hona ekarri ditugu Miren Azkarateren eta Elixabete Perez Gazteluren hitzak, eta baita aurkezpenean erabili den material grafikoa ere.

Elixabete Perez Gaztelu lankidearen aurkezpeneko hitzak hemen irakurri daitezke. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.