Nire familiaren bi aldeetatik euskara izan dute dute ondare. Batean, Gerra Zibileko ondorioek beldurraren izaretan bahitu zuten. Bestean, aldeanoen lotsak hormen artean eskutatu zuen.
Arrazoi batengatik edo bestearengatik haurtxaroan euskararen soinua ez zen nire bizitzaren musikaren parte izan. Baina, nerabezaroan, herriko lagunen bizitzak aurkitu nituen. Eta haietariko batzuen egunoroko soinuek euskaraz eginda zeukaten musika. Eta horrela, herriko kuadrillak euskaldunberria izateko ibilbidean sartu ninduen.
Gainera, frankismoaren lehenengo pitzadurak erakusten ari ziren eta Euskal Herrian zehar bazeuden irakasleek euskararen erabilera bermatzeko irakaskuntzan. Neuk sortea izan nuen. Geletan, arkupeetan eta jolastokian hizkuntza indoeuropear baten taupadak entzun nituen.
Gazte-gaztetatikan hizkuntzak irabazia ninduen. Eskola barruan ikasitakoaz eta kanpoan bizitakoaz, gazte euskaldun berriaren profila lortu nuen.
Heldutasunean, euskaldun berriaren txartelaz sartu nintzen lanean. Baina, batez ere, euskaraz, euskara berriaz, abiatu nintzen biziaren ibilbidetik.
Urteetan zehar, ni euskaldunberria izatea, alde batetik, grazia bat bezala bizi dut eta, bestaldetik, madarikazio bat ere izan da. Euskaldunen munduan sartzeko ate eder bat bihurtu izan da. Eta hau grazia bezala onartu behar dut. Euskal Herrian, pentsamenduak eta sentimenduak euskaraz azaltzen dituztenekin zubi bat eraikitzeko komunikabide on bat izan dut. Aintzinako gauzak edo lekuak izendatzeko erabili diren hitzak ezagutzeko biderik onena izan dut. Geure historia, gizartea, ekonomia, politika, osasuna, kultura, aisia,… euskararen bidez ezagutu ditut. Geurea hurbilago sentitzeko, geu ere geurearen parte sentitzeko aukera izan dut.
Baina, euskaldunberriok euskaldunen begirada zorrotzpean egon gara beti eta, batez ere geure kontzientzi mende. Eta hori madarikazioa bezala onartu behar izan dugu. Hazitako zuhaitzak galdu ditugu arauen basoetan. Euskara batua, euskaldunberrien eta alfabetutako euskaldunen arteko horma gisa sentitzen dugu. Euskalkiak, euskaldun zaharren eta euskadunberrien arteko arraia moduan ikusten ditugu. Azken finean, inoren lurrean sentitu gara. Ez gara izan hain egoki eta zuzenak hitz egitean, ez gara/gera izan hain jator berba/mintza egitean.
Baina, berrogei urte ondoren, euskaldunberri baten grazia eta madarikazioa bereizgarri bihurtu da: etorkizuna euskaldun berriena izango da. Lotsa eta beldur guztiak soinu eta musika bihurtu behar dira. Ez al dakizu euskara dela euskaldun eta euskaldun berri egiten gaituena?
Poziktibity da euskararen taupada!
[DEIA egunkarian 2015ko abenduaren 3an argitaratuta]