Euskal Filologiako graduko eta SareKom1415 ikasgaiko Alex Uriarte Atxikallendek testu hau bidali digu Abenduaren 3ko euskararen egunaren harira.
Garai batean izan zen, entzuten zen, izan ginen. Hortzemugaren azken puntutik, asfaltu hotzera. Karrika isil eta zahartuetatik, atzerriko ur oparo eta arrotzetara. Mendiburu biluzietako hatx ezkutuenetatik, negu garaiko beheko suaren epeltasun eta magalera. Gure asaben ekinaren bidezidorretatik, guri eskeinia izan zaigun oinordetza bakar eta ordaindu ezinezkora.
Garai latzak pasatu izan dira, pasatu izan dituzte, izan ditugu. Iluntasunezkoak, hauspenezkoak, ezintasunezkoak eta, sarritan, etsipenezkoak. Eta gaurkoan? Zer gertatzen zaio behin erabiliriko hizkera hari? Amonaren ahotik jasotako berba samurrari? Gau eroaren biharamunean entzun beharreko aitaren bronkari? Eta iraganeko barre algara, negar malko, istorio kontaezin eta mobida nahasiei? Non ezkutatu da kontu haiek bakar bihurtzen zituen hizkera hura?
Gaurkoan berba arrotzak ditut entzungai, neureak ez ditudanak, urrun sumatzen ditudanak, nigandik ihesian doazenak, lausoak, materia gabekoak, zentzu bakoak. Hain berezia den egun hau, bihur dezagun aste, bihur dezagun urte, hamarkada, mende eta historia. Har dezagun behingoz gure arbasoek laga ziguten eta jarraitu beharreko soka hori, euskaldun hitzaren funts bereizgarri hori, hau da, euskara daukana, euskara erabiltzen duena.
Hedatu dezagun lau haizetara gure izaera biltzen duen hori, eta ez dezagun etsi hedapen horretan gure azken hatsera artean. Euskarak eta beronen ikaskuntzak oihartzun bat izateaz gain, errealitate bat izaten jarrai dezan beste 40 urtetan, gutxienez. Euskarak gaurkoan ikusgai dugun dokumental honen mamiaren gisako nortasuna izan dezan, hots, iraganekoa, oraineko eta etorkizunekoa. Bidali dezagun behingoz euskararen eguna pikutara eta egin dezagun egun oro euskararen egun.
2 erantzun “Euskararen egune (Alex Uriarte Atxikallende)” bidalketan