Etiketaren artxiboa: IKTak

Ikastaro bi Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean 2016ko udan

2016ko udan bi ikastaro antolatu ditugu Euskal Gaien Institututik UEUrekin elkarlanean.

Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroa ekainaren 30 eta uztailaren 1ean egingo da Eibarko Markeskoa Jauregian. Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterolak koordinatuko dute, eta eskola, familia, aisialdia, lan mundua eta komunikabideak izango ditu aztergai, orain artekotik ikasi eta etorkizunerako lerroak pentsatzen hasteko asmoz.

Gureaz Blai saioan ikastaroaren berri emateko egindako kolaborazioa hemen entzun daiteke.

Euskara

Bigarren ikastaroa, IKTak Euskal Herrian: ikerketa, ezagutza eta ekintzarako @biapuntu berriak  Deustuko Unibertsitatearen Bilboko  campusean ospatuko dugu uztailaren 8 eta 9an.  Amaiera Bilboko Kafe Antzokian emango zaio, Gau Digitala deituriko jaiarekin. Errota Digitala elkartea eta Talaios Kooperatiba egongo dira ikastaroa dinamizatzen, eta hiru lerro landuko dira, hiru lan talde ezberdinetan:

  • Ezagutza eta neurketa modu berriak
  • Demokratizazioa eta parte hartzea gaur eta orain
  • Komunitategintza eta gutasunaren teknologiak

Hemen entzun daiteke Xabier Landabideak Arrosa Sareko Zebrabidea saioan egindako kolaborazioa.

IKTak

Elkarlan hau iaz sinatu genuen DU-UEU hitzarmenak zabaltzen dituen aukeren adierazgarri dela uste dugu, eta gonbidapena luzatu nahi dizuegu bertan izena eman eta parte hartu dezazuen.