Etiketaren artxiboa: UEU

[Bideo bilduma] Euskararen Biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen.

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeari begira egindako aurrera pausoak agerikoak diren bezala, euskalgintzan diharduten agenteen artean gero eta orokortuagoa dago fase baten agortzearen kontzientzia.  Urteotan, testuinguru soziala bera ere aldatu egin da, garai batean eraginkorrak ziren euskararen biziberritzeari begirako diskurtsoen baliozkotasun eta eraginkortasuna auzitan jarriz.

Testuinguru horretan Euskararen Biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroak hiru helburu nagusi izan ditu, bi eguneko jardunean landu direnak:

  • Euskararen biziberritzearen orain arteko ibilbidearen hausnarketa kritikoa egitea esparru eta ikuspegi anitzetatik.
  • Euskararen normalizazioan aurrera egiteko diskurtso eta praktika berriak proposatzea, esparruz esparru.
  • Euskararen biziberritzearen ikuspegi globala lantzea, esparruen arteko sinergiak bilatuz.

Ikastaroa Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean  antolatu da, DU eta UEUren arteko hitzarmenari jarraipena emanez IKTak Euskal Herrian ikastaroarekin batera.

Bideo labur honetan Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola ikastaroaren antolatzaileek azaldu dute ikastaroaren berri:

Bestalde hemen argitaratu ditugu ikastaroko hitzaldi eta dinamika ezberdinak:

Jone Goirigolzarri, Ibon Manterola: Ikastaroaren aurkezpena eta nondik norakoak.

Mikel Irizar: Euskararen biziberritzearen ibilbidea: azterketa kritikoa.

Ane Ortega eta Leire Diaz de Gereñu: Euskararen biziberritzea eskolan I.

Josune Zabala. Euskararen biziberritzea eskolan II.

Jone Miren Hernandez, Jaime Altuna, Paula Kasares: Euskararen biziberritzea familian eta aisialdian I.

Kike Amonarriz. Euskararen biziberritzea familian eta aisialdian II.

Patxi Saez: Euskararen biziberritzea lan munduan.

Alberto Barandiaran, Gorka Salces: Euskararen biziberritzea hedabideetan.

Belen Uranga: Itxiera ekitaldia: ikasitakoak laburbildu eta aurrera begirakoak.

Ikastaro bi Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean 2016ko udan

2016ko udan bi ikastaro antolatu ditugu Euskal Gaien Institututik UEUrekin elkarlanean.

Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroa ekainaren 30 eta uztailaren 1ean egingo da Eibarko Markeskoa Jauregian. Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterolak koordinatuko dute, eta eskola, familia, aisialdia, lan mundua eta komunikabideak izango ditu aztergai, orain artekotik ikasi eta etorkizunerako lerroak pentsatzen hasteko asmoz.

Gureaz Blai saioan ikastaroaren berri emateko egindako kolaborazioa hemen entzun daiteke.

Euskara

Bigarren ikastaroa, IKTak Euskal Herrian: ikerketa, ezagutza eta ekintzarako @biapuntu berriak  Deustuko Unibertsitatearen Bilboko  campusean ospatuko dugu uztailaren 8 eta 9an.  Amaiera Bilboko Kafe Antzokian emango zaio, Gau Digitala deituriko jaiarekin. Errota Digitala elkartea eta Talaios Kooperatiba egongo dira ikastaroa dinamizatzen, eta hiru lerro landuko dira, hiru lan talde ezberdinetan:

  • Ezagutza eta neurketa modu berriak
  • Demokratizazioa eta parte hartzea gaur eta orain
  • Komunitategintza eta gutasunaren teknologiak

Hemen entzun daiteke Xabier Landabideak Arrosa Sareko Zebrabidea saioan egindako kolaborazioa.

IKTak

Elkarlan hau iaz sinatu genuen DU-UEU hitzarmenak zabaltzen dituen aukeren adierazgarri dela uste dugu, eta gonbidapena luzatu nahi dizuegu bertan izena eman eta parte hartu dezazuen.

Zabaldu da IkerGazte Kongresua: Nazioarteko Ikerketa Euskaraz

HARRERA-MEZUA

UEUren eta Kongresuaren Batzorde Zientifikoaren izenean atsegin handiz gonbidatu nahi zaitugu IkerGazte 2015 kongresuan parte hartzera.

Asko gara ikerkuntzan dihardugunok eta asko gara eguneroko lan hori euskaraz egiten dugunok. Hemen, puntako ikerkuntza egiten dugu alor guztietan: giza zientzietan, gizarte-zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologia eta arkitekturan edota osasunean. Urteak daramatzagu UEUn arloz arloko profesional eta ikertzaileen bilkurak antolatzen, eta oraingo honetan jauzi garrantzitsu bat eman eta arlo guztietako ikertzaile euskaldunentzako bilgunea osatu nahi dugu. UEUren izaera bateratzaile eta integratzaileari zein UEUk euskararekiko duen konpromisoari eutsirik, IkerGazte 2015 ikertzaile euskaldunen lehen kongresurako deia luzatzen dizugu. Ikertzaile gazteen aldetik azken urteotan izan den hazkundea dela-eta, haiek bildu eta ikusgarritasun handiagoa ematea da xede nagusia. Gazte diogunean ibilbide zientifikoaz ari gara; tesia bukatzen ari zaren horri edo azken lauzpabost urteetan amaitu duzun horri zuzenduta dago kongresua.

Kongresuari hasiera emateko nazioartean izena duen hizlari bat izango dugu. Saio zientifikoetan, jasotako lanen artean hautatutako eta arlo guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izango ditugu, bai ahoz aurkeztuta bai poster formatuan. Parte-hartzaileok Euskal Herrian egiten den goi-mailako ikerkuntzaren gaineko ikuspegia izango dugu. Kongresuan parte hartuko dugun ikertzaileon arteko harremanak errazteko tailer (mintegi) interesgarriak eta saio osagarriak ere izango dira. Horretaz gain, kongresuak iraun bitartean Durangon bertan lo egiteko aukera izango dugu eta hori ere bultzatuko dugu.

Beraz, ikerkuntza-proiektu baten emaitzak ezagutarazi nahi dituzula? Erdu! Tesia bukatzear edo bukatu berri duzula eta zure emaitzen berri eman nahi duzula? Zatoz zu ere! Nazioarte mailako ikerkuntzaren berri euskaraz! Ez ezazu aukera galdu!

Hautatutako artikuluak ISBNa izango duen argitalpen digital batean agertuko dira eta Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin lankidetzan batzuen bertsio hedatuak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko aukera ere egongo da.