Europako Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa Donostian

Europan 24 hizkuntza ofizial daude, eta, horiez gain, Europar Batasunean 90 “eskualde-hizkuntza” edo “hizkuntza gutxitu” daude. UNESCOren datuen arabera, 30 hizkuntza inguru galtzeko arriskuan daude (Report on Endangered European languages and Linguistic Diversity in the European Union 2013), eta Europar Batasuneko 50 milioi pertsona inguruk, bertako biztanleen % 10ek, eskualdeko hizkuntzak edo hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzte. Gaur egun, hizkuntza-komunitate eta pertsona horiek ez dituzte hizkuntza-eskubideak bermatuak.

FDLE_Logo_03_EUS-e1475252288998

Horren harira, UNESCO Etxeak, Donostia-San Sebastián 2016 Fundazioarekin elkarlanean, Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa antolatu du. Donostian egingo da, abenduaren 15ean eta 16an, eta Europako gizarte zibileko eragileak, erakundeak eta adituak bilduko ditu; baita ikerketa eta kulturaren munduko erakundeak eta gobernu-erakundeak ere. Bertan, Europako hizkuntza gutxituen garapenean eragiten duten alderdiei buruz hausnartuko eta eztabaidatuko dute.

Helburua da eskala handiko aukera bat sortzea, estrategia zehatzei buruzko akordioak ezartzeko eta horien bitartez arriskuan dauden hizkuntzak biziberritu eta normalizatu ahal izateko. Sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatu nahi da, baita Europako partaidetza-maila ezberdinen artekoa ere: erakunde sozialak, ikerketa- eta kultura-eragileak, eta gobernu-erakundeak (estatuaz azpikoak, estatukoak, Europakoak eta aldeaniztunak).

Halaber, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroan hizkuntza-aniztasunari kalte egiten dioten eta hizkuntza ez-hegemonikoek hiztunak galtzea eragiten duten jarrera eta diskurtsoei buruz ere arituko dira, kontuan izanda hizkuntza-eskubideak norbanakoen eta beren komunitateen oinarrizko eskubideak direla.

[Bideo bilduma] Euskararen Biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen.

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeari begira egindako aurrera pausoak agerikoak diren bezala, euskalgintzan diharduten agenteen artean gero eta orokortuagoa dago fase baten agortzearen kontzientzia.  Urteotan, testuinguru soziala bera ere aldatu egin da, garai batean eraginkorrak ziren euskararen biziberritzeari begirako diskurtsoen baliozkotasun eta eraginkortasuna auzitan jarriz.

Testuinguru horretan Euskararen Biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroak hiru helburu nagusi izan ditu, bi eguneko jardunean landu direnak:

  • Euskararen biziberritzearen orain arteko ibilbidearen hausnarketa kritikoa egitea esparru eta ikuspegi anitzetatik.
  • Euskararen normalizazioan aurrera egiteko diskurtso eta praktika berriak proposatzea, esparruz esparru.
  • Euskararen biziberritzearen ikuspegi globala lantzea, esparruen arteko sinergiak bilatuz.

Ikastaroa Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean  antolatu da, DU eta UEUren arteko hitzarmenari jarraipena emanez IKTak Euskal Herrian ikastaroarekin batera.

Bideo labur honetan Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola ikastaroaren antolatzaileek azaldu dute ikastaroaren berri:

Bestalde hemen argitaratu ditugu ikastaroko hitzaldi eta dinamika ezberdinak:

Jone Goirigolzarri, Ibon Manterola: Ikastaroaren aurkezpena eta nondik norakoak.

Mikel Irizar: Euskararen biziberritzearen ibilbidea: azterketa kritikoa.

Ane Ortega eta Leire Diaz de Gereñu: Euskararen biziberritzea eskolan I.

Josune Zabala. Euskararen biziberritzea eskolan II.

Jone Miren Hernandez, Jaime Altuna, Paula Kasares: Euskararen biziberritzea familian eta aisialdian I.

Kike Amonarriz. Euskararen biziberritzea familian eta aisialdian II.

Patxi Saez: Euskararen biziberritzea lan munduan.

Alberto Barandiaran, Gorka Salces: Euskararen biziberritzea hedabideetan.

Belen Uranga: Itxiera ekitaldia: ikasitakoak laburbildu eta aurrera begirakoak.

[Bideoa] IKTak Euskal Herrian: ikerketa, ezagutza eta ekintzarako @biapuntu berriak

Euskal Gaien Institutua eta Udako Euskal Unibertsitatearen artean Uztailaren 8 eta 9an Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean antolatutako topaketa bideoan jaso dugu.

Lehenenengo egunean Errota Digitala eta Talaios Kooperatibako kideek Komunikazioa, Informazioa eta Teknologiaren inguruko kokapen orokorra eta lanerako tresnak aurkeztu zituzten:

Bigarren egunean .EUS, Gure Esku Dago eta Hekimeneko ordezkariek haien proiektuak aurkeztu zizkiguten topaketen hiru lan lerroen abiapuntu bezala: Ezagutza eta neurketa modu berriak, Demokratizazioa eta parte hartzea gaur eta orain eta Komunitategintza eta gutasunaren teknologiak.

 

Ikastaroari amaiera emateko Bilboko Kafe Antzokian Gau Digitala ospatu genuen, Ttottelka, Bor Bor, jimakker live coding Xperience eta Tttun Ttun Brigade taldeekin. Twitterren #IKTEH traola erabili genuen ikastaroaren jarraipena egiteko (ikus baita storify gisan, eta  NAIZ atarian agertutakoak).

Gau Digitala Errobota

Transmedia Use(r)s Summer School Finlandiako Jyävskyläko Unibertsitatean: Zebrabidean kolaborazioa

Ekaina hasieran Errota Digitala elkartea osatzen duten Xabier Landabidea Euskal Gaien Institutuko ikerlaria , Koldo Diaz University College of London eta EHUko NOR taldeko ikerlaria eta Gorka Salces NOR taldeko ikerlari eta Behategiaren  (Euskal Hedabideen Behatokia) koordinatzailea Jyväskylän egon dira “Transmedia Use(r)s Summer School” ikastaroan parte hartzen. “New audience research for new audiences: Designing a Basque transmedia experience” proposamena aurkeztu dute bertan hiru ikerlariek.

Arrosa Sareko Zebrabidea magazinean elkarrizketatu dute Xabier, eta hemen dago audioa entzungai.

Beheko irudian Gorka salces, Copehnageko Unibertsitateko Lisbeth Klaustrup eta Nottinghameko Unibertsitateko Elizabeth Evans-i euskazko komunikabideen banaketa geografikoa azaltzen.

Transmedia Users

Ikastaro bi Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean 2016ko udan

2016ko udan bi ikastaro antolatu ditugu Euskal Gaien Institututik UEUrekin elkarlanean.

Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroa ekainaren 30 eta uztailaren 1ean egingo da Eibarko Markeskoa Jauregian. Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterolak koordinatuko dute, eta eskola, familia, aisialdia, lan mundua eta komunikabideak izango ditu aztergai, orain artekotik ikasi eta etorkizunerako lerroak pentsatzen hasteko asmoz.

Gureaz Blai saioan ikastaroaren berri emateko egindako kolaborazioa hemen entzun daiteke.

Euskara

Bigarren ikastaroa, IKTak Euskal Herrian: ikerketa, ezagutza eta ekintzarako @biapuntu berriak  Deustuko Unibertsitatearen Bilboko  campusean ospatuko dugu uztailaren 8 eta 9an.  Amaiera Bilboko Kafe Antzokian emango zaio, Gau Digitala deituriko jaiarekin. Errota Digitala elkartea eta Talaios Kooperatiba egongo dira ikastaroa dinamizatzen, eta hiru lerro landuko dira, hiru lan talde ezberdinetan:

  • Ezagutza eta neurketa modu berriak
  • Demokratizazioa eta parte hartzea gaur eta orain
  • Komunitategintza eta gutasunaren teknologiak

Hemen entzun daiteke Xabier Landabideak Arrosa Sareko Zebrabidea saioan egindako kolaborazioa.

IKTak

Elkarlan hau iaz sinatu genuen DU-UEU hitzarmenak zabaltzen dituen aukeren adierazgarri dela uste dugu, eta gonbidapena luzatu nahi dizuegu bertan izena eman eta parte hartu dezazuen.

Euskararen Transmisio Bideak: Amorrortu, Kasares, Hernandez eta Goirigolzarri

Euskal Gaien Institututik ospakizunen baitan Euskararen Transmisio Bideak mahai ingurua antolatu genuen  (2015/12/03) , eta horretarako euskararen transmisioaren inguruko lehen lerroko hiru ikerlari gonbidatu genituen, bakoitzak bere esparrutik ekiteko egun euskararen transmisioan dauden eredu, zailtasun eta aukera ezberdinei.

Estibaliz Amorrortuk   Euskararen Hiztun berrien jarrerak, motibazioak eta identitatea ikerketa-lanaren emaitzak aurkeztu zizkigun eta Paula Kasares soziolinguista eta Jone Miren Hernandez antropologoaren ekarpenek osatu zuten Euskararen Nazioarteko Egunean ospatu genuen mahai ingurua.  Deustuko UnibertsitatekoJone Goirigolzarri aritu zen moderatzaile lanetan.

 

 

 

Goenkale eta Pobol y Cwm: hizkuntza gutxietuetan idaztea telebistarako

Goenkale eta Pobol y Cwm

Kartelaren egilea: Alejo García (Garuna Bor Bor).

2015eko abenduaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan Deustuko Unibertsitateko Bilboko Campusean ekitaldi berezia ospatu dugu: Goenkale eta Pobol y Cwm telesailetako hiru gidoilari elkartu ziren ditugu hizkuntza gutxituetan (euskara eta galesera) telebistarako fikzioa idazteari buruz solastu eta hausnartzeko.

Hemen duzue ekitaldiaren bideoa:

 

Fikzio seriatua hizkuntza gutxituetan: Goenkale eta Pobol y Cwm-en kasuak.

Goenkale eta Pobol y Cwm

2015eko neguan amaituko da Euskal Telebistako Goenkale telesail erreferentziala, eta aukera hori baliatuko dugu hizkuntza gutxituetan telebistarako fikzioa idaztearen inguruan bi hausnarketa plazaratzeko.

Horretarako Galeserazko Pobol y Cwm telesail beteranoan -41. urtea beteko du aurten- gidoilaria den Gareth Evans eta Goenkaleko Pedro Fuentes eta Jose Luis Aranguren “Txiliku” hurbilduko ditugu haien esperientziak trukatu eta hizkuntza txikietan telebistarako idaztearen inguruan hausnartu eta literatura eta telebistaren arteko uztarketa esparruak esploratzeko.

 Abenduak 10, arratsaldeko 18:00etan, Deustuko Unibertsitateko Ellacuria aretoan, Bilboko Campusean. Sarrera librea.

 Euskara-ingelesa-euskara aldibereko itzulpena egongo da.

 

Loak hartu ezinean…

[Alex Uriarte Atxikallende @alex_gepar  Euskal Filologiako ikasleak Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian idatzitako iritzi zutabea.]

euskara

Orain urtebete, gaurko egunez, euskeraren egunari buruz idaztea otu zitzaidan. Gai esplotatua izango da batzuentzat, baliteke. Neure ustez aldiz, bide berriak irekitzen dituen gaia da, deskribapenaren gaia, sentimenena akaso. Mila definizio, konnotazio zein irakurpen har ditzake horren izaera aldagarria eta anitza duen motibo batek. Iaz sentitutako eta transmititzen saiatutako ikumolde haren baitan itxaropena eta ikuspuntu aurrerazale baina kritikoa zen nagusi. Etorkizunari modu aldartetsuan so egiten zion ikuspuntua zen hura inondik inora, beti ere hain neurea sentitzen dudan nostalgia puntutxo horrekin. Baina tira, gazteak garen heinean baikortasuna falta ez dadila, demontre.

Gaurko honetan ere idazteko gogoz nago. Gogoak eta gogoak ote daude, gaur sentitzen dudana ez da-eta orain hamabi hilabete sentitzen nuenaren parekoa. Ez bere osotasunean behintzat. Aitortu beharra dut hau irakurriko duten batzuei –norbaitek irakurtzekotan, hori ez da inoiz arazoa izan- agian ez zaiela letra hauek duten garrasi tonua eta mezua gustatuko.

Zera azpimarratuz –edo hobeto esanda aldarrikatuz, oihu-orro eginez, denon aurrean botaka eginez eta berriro irentsiz- hasi nahiko nuke: Hizkuntza ez da eta ezin da inoiz helmuga edo xedea izan, inolaz ere ez. Hizkuntza, zerbait izatekotan, bidea izan behar da. Norberaren helmuga oro erdiesteko prozesuan ezinbesteko tresna. Ezin da bidearen amaiera izan, bide ilunean barrena argiztatuko digun izarra baizik. Une oro argitan, une oro erabileran. Zenbat aldiz ikusi izan ote dut urtebete honetan, hain neurea sentitzen dudan eta sentitu gura dudan hizkuntza eskoletako ikas-esparru hotzera mugaturik. Klaseetan giltzapeturik, bigarren maila batean utzirik eta ez eguneroko orokortasunean. Baten bati grazia egingo dio honek, idazle frustratu honi friki deitzeraino seguruenik… Baina neure ustetan klasean gotortzen dugun hizkuntza bat hizkuntza bortxatu bat da, komeni zaigunean edo hobeto esanda, derrigortzen zaigunean baino erabiltzen ez duguna. Sentikortasun gabeko hizkuntza izango litzateke hau eta egidazue kasu, euskera zerbait izatekotan sentipenak, magia eta askatasuna da.

Eta eskoletatik kanpora zer entzuten dut, bada? Neure buruari milaka formatutan egin diodan galdera madarikatua. Hori bai, erantzuna beti molde berean jaso dut, eta nola ez hizkuntza berean: gazteleraz. Etxerako zein lan zegoen? Athleticen partidua ikusi al zenuen txo? Atzo bezala maite zaitut laztana. Nola amaitu zen iragan larunbateko jaia? Eso sí, todo esto en castellano. Ez ahaztu goragotxo aipatutakoa, formatu ugari baina erantzunetan hizkuntza bera. Oraindik urrunago joanda, -eta barkatu iezazkidazu irakurle ordu txikitan sortzen zaizkidan umore eskasdun paranoia hauek-  gaur egungo eskola-euskadunei, hots, euskera eskoletan eta modu mugatuan erabiltzen duten horiei zinez ondo etorriko litzaieke hiztegian –dun atzikizkiaren esanahia errepasatzea. Sarritan modurik sinpleenean ikasi ohi dira kontzepturik esanguratsuenak. Izan ere, -dun atzizkidun hitzek zerbait edukitzea edo izatea adierazten dute funtsean. Hortaz, euskaldun hitzak euskera duena, euskera darabilena esan gura du. Horren sinple irakurtzeko eta aldi berean hain aplikagaitz, a ze paradigma.

Iaz ere baliatu nuen –dun atzizkiaren adibidea. Baina hizkuntza bizia den heinean aldakorra ere bada. Iazko adibide nostalgiko eta positibistaren ordez, aurton frustrazioa eta haserrea sentitzen dut. Bizitza eta aldartea bera ere aldakorra da-eta, lagunok. Cambiante en castellano. Agian hau irakurriko duen baten bat klase orduetatik kanpora egongo da eta honela erosoago irakurri eta ulertuko du.

Milaka ideia, hausnarketa eta astokeria datozkit burura loak hartu ezinik nagoen gau honetan. Baina beno, sekretu eta zorakeriaren bat datorren urterako gorde beharko dut, batzuentzako euskeraren eguna egongo da-eta. Hori seguru. Beste batzuontzako, aldiz, egunero da euskeraren eguna, berriz ere euskera ez delako helmuga, bidea baizik. Ez delako eguna, bizia baizik. Esan bezala, nahi beste astokeria ditu esateko sasi-idazle honek. Escritor de pacotilla en castellano, horrela nahiago duenarentzat. Lagunok, egidazue mesede bat eta zuzendu zaitezte egutegira. Berdin dit Iphone 5-ekora, ordenagailukora edota sukaldean amonak jarritakora bazoazte –bai bai, Amabirjina edota Jesukristo irudikaturik dituen horretara-. Adi aztertu eta konturatu zaitezte egun berezi guztiak kausa negatibo baten ondoriozkoak direla: emakumearen eguna, emakume zapalduen babesean; langilearen eguna, bizitza egoera prekarioan pasatzen duten beharginen babesean; ingurugiroaren eguna, planeta kutsatzen eta suntsitzen dugun guztion babesean eta euskeraren eguna, klaseetara eta eremu pribatura mugatuz bortxatzen dugun hizkuntza maite eta sumisoaren babesean. XXI. mendea tximinoaren gizartean, zer egingo diogu ba adiskideok… Tximinoa esan dut gizakia esan nahiean. Barkatu, lapsus linguae.

Gaueko pentsamendu friki mordoa datorkit burmuinera ordu txiki hauetan, auzokoaren txakur potrozorria ere iratzartu dut dagoeneko horrenbeste interferentzia mentalekin. Musika piska bat jarri beharko dut ba loak behingoz erasan nazan. Imanol Larzabalen Nire Euskaltasuna, bere ahots eta letra zuzen baina sakonarekin. Honela dio:

Nire euskaltasuna baso bat da,
eta ez du zuhaitz jenealogikorik.

Nire euskaltasuna dorre bat da,
eta ez du Alostorrerik.

Nire euskaltasuna bide bat da,
eta ez du zaldizkorik.

Nire euskaltasuna lore bat da,
eta ez du aldarerik.

Nire euskaltasuna itsaso bat da,
eta ez du almiranterik.

Nire euskaltasuna liburu bat da,
eta ez du sotanarik.

Nire euskaltasuna mundu bat da,
eta ez du Amerikarik.

Nire euskaltasuna bertso bat da,
eta ez du txapelik.

Nire euskaltasuna pekatu bat da,
eta ez du mea-kulparik.

Ez dut gogoetatxo hau amaitzeko modu hoberik antzematen. Nire euskaltasuna pekatu bat da eta ez du mea-kulparik. Nire hizkuntza ez da bortxatua eta gaizki tratatua izango, ez nire partetik behintzat. Iaz euskeraren erromantikoa nintzen gaurko egunez. Aurton ordea, maite dudanaren, euskeraren militantea naiz. Eta berriro ere, ez dut damurik. Ez dut mea-kulparik. Amaitzeko iazko esaldi bera jarri beharra sentizen dut nahitaez: bota dezagun euskeraren eguna pikutara eta egin dezagun egun oro euskeraren egun. Hori da bide bakarra, hori da hau benetan sentitzen dugunon autua. Gaurkoan osti txarrean noa lotara, bihar ziurrenik atzera nostalgiko, etzi nork jakin… Bien bitartean nik neuk euskaraz.

Gogoan izan  momentu honetanez  gaudela klase orduan. Beraz, gabon pasa lagunok. Edo buenas noches chavales. Hori bakoitzak erabaki dezala, batzuk aspaldi erabaki genuen-eta.

 

Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskararen Transmisio Bideak (Mahai ingurua)

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Deustuko Unibertsitatean. Goizeko 10:50etatik hasita jarduera ezberdinak izango dira  bi Campusetan.  Ondorengo irudian ikus daiteke Bilboko Campuseko egitaraua:

2015 euskararen eguna

Iturria: Komunikazio eta Ekitaldiak, Deustuko Unibertsitatea, 2015.

Euskal Gaien Institututik ospakizunen baitan Euskararen Transmisio Bideak mahai ingurua antolatu dugu , eta horretarako euskararen transmisioaren inguruko lehen lerroko hiru ikerlari gonbidatu ditugu, bakoitzak bere esparrutik ekiteko egun euskararen transmisioan dauden eredu, zailtasun eta aukera ezberdinei.

Estibaliz Amorrortuk Deustuko Unibertsitatean burutzen ari den Euskararen Hiztun berrien jarrerak, motibazioak eta identitatea ikerketa-lanaren emaitzak aurkeztuko ditu eta Paula Kasares soziolinguista eta Jone Miren Hernandez antropologoaren ekarpenekin osatuko dute. Moderatzaile moduan Jone Goirigolzarri arituko da.

Euskararen Transmisio Bideak - Kartela 2015

Mahai-ingurua testuinguratze aldera komeni litzateke parte hartzaileen argitaralpen batzuk gogora ekartzea non hiztun berrien identitateak (Ortega, A., Amorrortu, E., Goirigolzarri, J., Urla, J. & Uranga, B., 2013), euskara antropologiatik birpentsatu beharra (Hernandez, J.M., 2006) eta familia transmisioa planteatu diren.

Erreferentziak:

Hernandez, J. M. (2008). Euskara birpentsatu beharra, ekarpen batzuk antropologiatik. Bat Soziolinguistika Aldizkaria, 4, 27–42.

Kasares, P. (2014, otsailak 2). Euskara, bestela ez gara. [Bideo artxiboa].  https://www.youtube.com/watch?v=SMCdOzhKITQ&feature=youtu.be-tik eskuratua.

Ortega, A., Amorrortu, E., Goirigolzarri, J., Urla, J., & Uranga, B. (2013). Hiztun berrien hizkuntza-identitatea: “nolako euskalduna naiz?” Bat Soziolinguistika Aldizkaria, 87-88(2-3), 151–170.

 

 

Euskal Gaien Institutuko bloga, Deustuko Unibertsitatea

Escudo Universidad de deusto